Gaztelugatxen babestu beharreko guneak gehitzeko eskatu dute
Udalak eta SOS Gaztelugatxek alegazioak aurkeztu dizkiote Jaurlaritzak Gaztelugatxeko San Juan Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzeko hasitako prozesuari.
Gaztelugatxeko San Juan Paisaia Kulturala kategoriaren barruan Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzeko prozesu administratiboa hasi zuen Eusko Jaurlaritzak uztail amaieran. Aipatu prozesuari alegazioak aurkeztu dizkiote Bermeoko Udalak eta SOS Gaztelugatxe plataformak; Gaztelugatxen babestu beharreko guneak gehitu behar direla uste dute.
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako babes espedientean bi eremutan banatzen dute Gaztelugatxeko San Juan. Lehenengoan, Gaztelugatxe bera, zubia, eskailerak, aterpetxea, baseliza eta azken horren barruan dauden ondasun guztiak agertzen dira. Bigarrenean, berriz, eremu lurtarra eta itsastarra kontuan hartzen dituzte. Bertan zerrendatzen direnekin ados daude, hala ere, babes eremua «zabaldu» beharko litzatekeela uste dute biek, eta beste ondasun batzuk babestearen beharra aipatu dute. Hala, Bermeoko Udalak beste batzuk gehitzeko eskatu du: Goiko begiralekuan dagoen Begoñako Amaren entronazioaren monolitoa, Nestor Basterretxearen monumentua, Talaieroa eta Espainiako gerrako kanoien bateria eta Matxitxakoko itsasargia eta zetazeoak ikuskatzeko begiralekua.
Bestalde, San Juan Degoilatuaren (abuztuak 29) eguna aipatzen dutenean, Bermeoko Udalak urtero (aurten izan ezik, koronabirusagatik) egiten duen protokoloa aipatzea eskatu diote Jaurlaritzari. Gainera, Gaztelugatxeko San Juaneko boluntarioen Elkartea aipatzea ere eskatu dute, inguruaren balio historiko-kulturala deskribatzen eta nabarmentzen den atalean, hain zuzen ere. Udalak azaldu duenez, boluntarioek osatutako elkarte hori izan da 1978ko urriaren 10ean izandako sutearen ostean ingurua zaintzeaz eta kontserbatzeaz arduratu dena.
Alegazioetan, gainera, udalak gogorarazi du bere eskumena dela beste gauza batzuen artean Gaztelugatxeko San Juan eta beragaz erlazionatutako kultura ondareko elementu guztiak behar bezala zaintzen direla bermatzea. “Horregatik, leku horretan edo inguruan egin beharreko edozein jarduerak udalaren adostasuna behar du, bertako irudia kontserbatu ahal izateko”, gogorarazi dute.
2.113 alegazio. SOS Gaztelugatxe plataformako kideak herriz herri ibili dira abuztuan alegazioak batzen; hainbat lekutan egon dira: Bermeo, Gernika-Lumo, Bakio… Hala, guztira 2.113 alegazio aurkeztu dituztela jakinarazi dute.
Plataformak honakoak ere babestea eskatu dio Jaurlaritzari: Matxitxakoko bi itsasargiak, Espainiako gerrako kanoien bateria, Talaieroaren etxea, Lurgorriko zelaia, San Pelaioko baseliza eta Nestor Basterretxearen eskultura.
Gainera, “ingurumen degradazio eragileak direla eta”, eukaliptoak, argindarreko eta telefonikako kableak eta Gaztelugatxe inguruko uretan ibiltzen diren motordun gailuak kontuan hartzea ere gura dute. “Zenbat eta eremu gehiago babestu, etorkizunean proiektu arraroak planteatzeko aukera gutxiago”.