Eusko Jaurlaritzak Ormaza fabrika Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzeko prozesua hasi du
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak joan den barikuan argitaratu zuen prozesuari hasiera ematen dion espedientea. 20 eguneko epea dago alegazioak aurkezteko.
Ormaza Kontserbak fabrika Monumentu kategoriaren barruan Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzeko prozesu administratiboa hasi du Eusko Jaurlaritzak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak joan den barikuan argitaratu zuen prozesu horri hasiera ematen dion espedientea. Interesdunek 20 eguneko epea daukate alegazioak aurkezteko.
Alegazioak egongo balira, behin horiek ebatzita, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez onartuko luke Ormaza Kontserbak fabrika Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzea, “segurtasun baldintzetan mantenduko dela ziurtatuz eta eraikinaren ondare-balioa aitortuz”.
Eraikina Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatzeak 1942an eraikitako eraikinaren balio kulturalak aitortuko dituela diote, “ikuspuntu historiko, teknologiko, ekonomiko, antropologiko eta industrialetik, baina baita balio artistiko, tekniko eta arkitektonikoaren ikuspegitik ere”.
Babesteko proposamenean jaso denez, “Ormaza fabrikak inflexio-puntua eragin zuen. Ordura arteko itxura tradizionaletik estilo modernora igaro baitzen”.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak landutako babes-proposamenak eraikinaren kultur balioak jaso ditu. Aipatzen dutenez, “garrantzia berezia ematen diote eraikinari” eta monumentu interesgarri bihurtzen dute, “aurrerantzean kontuan hartzeko eta belaunaldien artean transmititzeko”.
Espedientean, gainera, aipatu eraikuntzan esku hartzeko irizpide orokorrak ezarri dituzte. Hala, azpimarratu dute “babestutako ondasunaren erabilerak bateragarria izan beharko duela babestu beharreko balioekin, betiere, haren kontserbazioa eta balioa bermatuz”. Esku-hartzeak, bestalde, “ezinbestekoak” baino ez dira izango, “ahalik-eta gutxienak”.
Mugaketak ere zehaztu dituzte, eta eraikina baino ez du hartzen; “hiri-lurzorua da eta zatirik handienean eraikinak daude”. Hortaz, eraikinaren perimetroaren mugek zehazten dute mugaketa eremua. “Bermeoko Ormaza Kontserbak fabrikaren ingurumen-balioak eta balio bisualak babestu behar dira. Mugaketa beharrezkoa da ondasuna behar bezala babestu, haren garrantzia nabarmendu eta eraikinaren izaera propioa gorde ahal izateko”. Hiri-ingurunea izanik, “nahikotzat” jotzen dute eraikinaren beraren mugaketa.
Askatasun bidean kokatuta dago Ormaza Kontserben eraikina. Conservas Ormaza enpresa Ruperto Ormazak sortu zuen 1923an; bere seme Anton Ormaza izan zen, beranduago, 1941ean, enpresaren ardura hartu zuena. Urtebete geroago egin zuen Pedro Ispizua arkitekto bermeotarrak orain babestu gura duten eraikina, ordura arte eraikitako kontserben lerroa hautsiz.
Eraikinak programa mistoa dauka (industria eta bizitokia). Ormaza fabrikaren eraikina kalearen morfologiara egokitzen da, haren kokapeneko kurbadura indartuz: “Eraikin irregularra da, izkinan eraikita balego bezala, eta horrek balio erantsia eta handiagoa ematen dio obrari”. Elementu urbanoa formen bidez sustatzeari eta estimulatzeari buruz, honakoa dio Amaia Apraiz historialariak: “Hori da fabrika honek Euskadiko Arkitekturaren Historiari egindako ekarpen handienetakoa”.