Errefuxiatu eta migratzaileen egoera salatu dute
Mugak Zabalduz karabanak errefuxiatu eta migratzaileek Europan bizi duten egoera salatzeko karabana egin du asteburuan, eta Bermeotik abiatu zen.
Mugak Zabalduz karabanak errefuxiatu eta migratzaileek Europan bizi duten egoera salatzeko karabana egin du asteburuan. Bizkaian egin dituzte ekimenak. Bermeon abiatu zen karabana zapatuan, eta prestatutako adierazpenean azaldu bezala, errefuxiatu eta migratzaileei bidea ixten dieten hesi «maltzur eta altuez» ohartaraztea izan da ekimenetako helburuetako bat.
Bermeon abiatu zuten egitaraua zapatuan; bertan, migratzaile askok pairatzen duten «lan esplotazioa» salatu zuen Etxeko Langileen Elkarteko kolaboratzaile Maria Juncayk, eta bereziki alor horretako beharginek bizi duten egoera aipatu zuen. Emakume migratzaileek etxeko langile bezela lan egin behar dutela eta egoera kaskarrean ari direla esan zuen.
Etorkizun ideala. Legean hutsune bat badagoela gaineratu zuen, eta egoera hobetzeko hartutako neurriak «presazkoak» izan direla. Gaineratu zuen koronabirusaren pandemiak hainbat egoera gordindu dituela. Gauzak horrela, salatu du eskubideen defentsa garbirik ez dagoela.
Sollubera bidean, skate parkearen horman, etorkizunari begirako horma-irudia margotu zuen Murales Lian artistak. «Gazteak margotu ditut, etorkizun bati erreferentzia egin asmoz. Etorkizun bat nahi dugu, non inor ez den ilegala izango», azaldu du. Hain zuzen, horma-irudiak erakusten duena etorkizun ideala litzatekeela esan du, gazte borrokalariek eraikiko duten etorkizuna.
Era berean, karabanak gogor salatu du Europak COVID-19ak sortutako egoeraren aurrean ere jarrera «autoritarioa» hartu duela, errefuxiatu eta iheslariek pairatzen duten errealitatea okertuz.