Ligan laugarren, eta Kontxara begira
Asteburuko Galiziako estropadetan hirugarren eta zazpigarren sailkatu da Urdaibai. Eguen arratsaldean lehiatuko du Kontxako Banderaren sailkatze estropada.
Eusko Label Ligaren azken txanpan daude arraun taldeak. Asteburuan Galiziako uretan lehiatu dira, eta orain, Kontxako Bandera dute jomuga. Aurreko urteetan ez bezala, sailkatze estropadak bi egunetan egingo dituzte. Emakumezkoen 15 taldek eguazten arraltsaldean lehiatuko dute sailkatze estropada eta gizonezkoen 24 taldek eguenean. Biak ala biak 17:30ean hasiko dira, eta bi multzotan banatuta lehiatuko dira; Bermeoko taldea A multzoan uretaratuko da.
Hain zuzen, COVID-19agatik hartu dituzte aipatu neurriak, eta ikuslerik barik egingo dira estropada guztiak. Etxean telebistaz ikusteko eta Donostiara ez joateko deia egin dute. Jende pilaketak saihesteko asmoz, estropada ikusteko prestatuta egon ohi diren eremuak itxita egongo dira: Kaia, Pasealeku Berria, Kontxako pasealekua eta Santa Klara irla. Gainera, estropada jarraitu nahi duten motor ontziak ezin izango dira Kontxako badian sartu. Horrez gain, ezingo diete traineruei segitu estropadako azken luzean.
Datozen bi asteburuen ostean, irailaren hirugarren asteburuan bukatuko dute Eusko Label Liga; ohi legez, Bermeon eta Portugaleten lehiatuko dituzte denboraldiko azken banderak, bai eta play off-ak ere. 154 puntugaz Santurtzi dago lider, eta bi puntura dago Hondarribia. Jarraian, Oriok eta Urdaibaik puntu bakarreko aldea daukate; 138 ditu talde gizpuzkoarrak eta 137 talde bermeotarrak. Momentuz, bi bandera jarraian eskuratu ditu Urdaibaik (Orion eta Bilbon).
Asteburuan Galiziako uretan aritu dira arraunean, eta Hondarribiarentzat eta Santurtzirentzat izan dira banderak. Zapatuan hirugarren sailkatu zen Bermeoko taldea, Aresen, eta atzo, berriz, zazpigarren geratu zen Boiron. Bestalde, gorengo mailari agur esan dio Kaikuk. 2008an lortu zuen TKE Ligarako txartela, eta hainbat urtez ligako handietako bat izan da. Esaterako, hiru urtez jarraian geratu zen txapeldun (2011, 2012 eta 2013).