Olatz Arrizabalaga: "Maila erakutsita, txapelketa oso borobila egin dut"
Plazandreak txapelketa irabazi du Olatz Arrizabalaga gernikarraren taldeak. Txapelketa berritzaile honekin emakumeen pilotarentzat beste pauso bat eman dutela nabarmendu du pilotari gazteak.
Bi hilabeteotan Plazandreak txapelketan buru-belarri aritu da Olatz Arrizabalaga gernikarra, eta atzoko finalean txapela jantzi zuen Nora Mendizabal eta Irantzu Etxebestegaz batera. Bihar goizean beste final bat dauka. Antiguako txapelketaren finala jokatuko du Miren Larrarteren kontra, Donostian.
Plazandreak txapelketaren finalaren biharamunean, zer sentsazio duzu?
Uste dut atzo txapelketa borobildu nuela. Txapelketa oso borobila egin dut, partidu guztiak irabazita, eta batez ere maila erakutsita. Asko disfrutatu dut txapelketa hau. Formato berria izan da; denentzat izan da gauza berria. Partiduak hamabira izatean, nahiko gauza arin bat zen, eta topera irten behar zen. Uste dut emakumeon pilotarentzat pauso bat gehiago egin dugula, eta pozik gaude txapelketagaz eta atzetik dagoen antolakuntza guztiagaz.
Atzo zelan sentitu zinen?
Atzo eguna eduki nuela uste dut. Konfiantza askogaz irten nintzen, eta argi neukan txapela eramateko behintzat bitik bat irabazi behar nuela. Nahiko urduri sartu nintzen, eta uste dut urduritasun horri aurre egin diodala apur bat, eta konfiantza horregaz jokatuz gero erakutsi nuen ondo nagoela.
Zure taldearen hiru partiduetatik bi jokatu zenituen, eta erraz nagusitu zinen bietan (5-12 Amaia Aldairen kontra eta 1-12 Iera Agirreren kontra).
Bai, espero nuena baino errazago. Lehenengo partiduan Amaia Aldaik irabazi ahalko zidala uste dut; urduritasuna erabakigarria izan zela uste dut. Nik esperientzia gehiago daukat finalak jokatzen eta jendeaurrean jokatzen, eta agian, Amaiak horrekin sufritu zuen. Urduri sartu zen, konfiantza barik, eta uste dut hor egon zela aldea. Bigarrenean ere antzekoa gertatu zela esango nuke. Lehenengo partidua irabazita, konfiantza osoagaz irten nintzen. Atzetik zoazenean beti da gaitza buelta ematea, eta uste dut hor egon zela gakoa.
Uztailaren 3an estreinatu zen txapelketa, eta zaleek astero telebistaz jarraitu dituzte partiduak. Atzo, ostera, publikoagaz lehiatu zenituzten finalak.
Ikusten da ETBk eta Master Cupek gure alde egin duten apustua. Guretzat berezia izan da astero, ostegunetan neskak telebistan egotea. Normalean hori ez da pasatzen. Pauso handia izan da guretzako. Finalean atzo egon zen giroa ikusgarria izan zen. 600 pertsona Bilboko Bizkaia frontoira ekartzean ikusten da antolaketa aldetik kristoren lana egin dela. Ez da erreza 600 pertsona Bizkaia frontoira ekartzea. Uste dut hor guk irabazteaz gain, emakumeen pilotak ere irabazi egin zuela atzo. Formato hau publiko barik egiteko sortu zen, baina egoera hobetzen joan dela-eta, eta Bizkaia frontoia nahiko handia denez, Eusko Jaurlaritzak baimena eman zuen 600 pertsonara arte sartzeko. Lehenengo jardunaldian nahiko arraro egin zitzaigun; partidua jokatu eta txalorik ez jasotzea nahiko sentsazio arraroa izan zen, baina, uste dut behin partiduan sartuta publikoagaz ahaztu egiten zarela. Denok jokatu dugu gure %100ean, eta denontzat izan da berezia. Jardunaldi guztietan dena ematera eta irabaztera joan gara.
Garaipenak eta txapelketak izen propioa, zurea eduki duela azpimarratu dute komunikabide askotan. Zer sentitzen da halakoak irakurri edota entzutean?
Uste dut behintzat egindako lana erakusten duela. Master Cupeko finalean penagaz geratu nintzen, urte osoan gogor entrenatzen egon gara, eta han ez zen erakutsi atzetik egindako lan hori. Txapelketa honegaz erakutsi dut entrenamendu askogaz honarte heldu ahal dela, eta hor jarraitzen dudala, maila ematen. Oso pozik nago egindako txapelketa guztiagaz. Bazen ordua txapelketa bat irabazteko.
Hain zuzen, Emakume Master Cupeko finalaren arantza kentzea zen zure helburua eta lortu duzu. Horrez gain, zertarako balio izan dizu?
Nire buruarekiko konfiantza hori berreskuratzeko balio izan dit. Azkenaldian psikologikoki nahiko baxu egon naiz; azkenengo Maste Cupeko txapelketak ez ditut irabazi eta ez dut nire maila eman. Honek nire buruari demostratu dio jokatu ahal dudala eta maila ematen nabilela. Horrek asko laguntzen du datozen txapelketetarako eta datorren Master Cupeko lau t’erdikorako entrenamendu moduan ondo etorri zait txapelketa hau.