2020ko Europako Karabanaren martxa egingo dute bihar Bermeon
11:30ean, Lian artista kataluniarrak egindako horma irudia aurkeztuko dute Landabason eta handik abiatuko da martxa.
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatutako 2020ko Europako Karabanaren jarduerak murriztu behar izan dituzte, Euskal Herrian COVID-19ak azken egunetan eragin dituen mugak direla eta. Asteburura mugatu dute egitaraua, eta bihar Bermeon egingo dute martxa.
Bilbotik Bermeora etortzeko autobusa 10:30ean abiatuko da San Nikolas plazatik. Bermeon, berriz, 11:30ean jarri dute hitzordua, Landabason, gasolindegi ondoko Etxetxubarriko autobus geltokian. Bertan, antzinako Jose Done ikastetxearen kanpoaldean Lian artista kataluniarrak egindako horma irudiaren aurkezpena egingo dute, eta handik abiatuko dute Europako Karabanaren martxa. Horma irudian ahaldunduta dauden hiru gazte ikus daitezke. “Ahaldunduta egonik, aurrerantzean beste ikuspuntu batekin orain arteko muga guztiak apurtzeko gai ikusten diren gazteak identifikatu gura izan ditugu; mota guztietako mugak: arraza, generoa…”, azaldu dute Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformatik.
12:15ean, martxak geldialdia egingo du udal azokan. Hain zuzen ere, bertaratutakoek Lurre Urre proiektua ezagutzeko aukera edukiko dute. Bermeon bizi eta egoera irregularrean egonik, lanik egiteko aukerarik gabe gelditu diren migratzaileei laguntzeko bermeotar talde batek martxan jarritako proiektua da Lurre Urre.
Azkenik, 13:00ak aldera, Goiko Plazako Andra Mari elizaren aterpera iritsiko da martxa. Bertan errefuxiatuen egoera azaltzeko ekitaldia egingo dute; hain zuzen, migrazio-esperientziak dituzten pertsona desberdinen testigantzak entzun ahalko dira. Hasiera batean ekitaldia Lameran egitekoa zen, baina eguraldi txarra iragarrita dagoenez, ekitaldia lekuz aldatu dute. Bertan, gainera, Ongi Etorri Errefuxiatuak materialaren salmenta ere egingo dute.
18:00etan, Santurtziko portuko begiratokian ITP Aero aireontzi militarrak fabrikatzen dituen enpresaren aurrean elkarretaratzea egingo dute.
Domekan, berriz, Plentzia eta Gorliz inguruan ibiliko dira. Erregularizazioa orain! lelopean, Astondon hasiko dute ibilbidea, 12:00etan. Hondartzak zeharkatu ostean, Plentziako Ontziola plazaraino joango dira parte hartzaileak.
Koronabirusak eragindako egoeragatik, errefuxiatuen aldeko 2020ko Europako Karabana ezin izan da Balkanetara joan, urte hasieran aurreikusita zegoen moduan. Horren ordez, tokian tokiko mobilizazioak eta ekintzak antolatu ditu Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak: “Karabanak aurten ez gaitu nahiko genukeen lekuetara eramango, beste pertsona batzuen bizitzak desagertzen diren tokietara, heriotzan eta ikusezintasunean. Gure interposizio-gorputzak ez dira Ceutan egongo, Lesbosen edo Bihacen”.