Izenak eta aurpegiak dituen ipuina
Bizipenetan oinarritutako istorioa dakarre Busturialdeko hiru lagunek; ‘Islam, eta Mikel Deunaren kobazuloa’ ipuinean, errefuxiatuen bizimodua kontatu dute.
Zerbait polita, berezia sortu nahi zuten. Barruko emozioak askatzeko bide izan zitekeen zerbait. Horrela jaio da Islam, eta Mikel Deunaren kobazuloa. Islam izena duen neskato baten istorioa da, eta ipuin batean bildu duten arren, ume, gazte zein nagusiei zuzenduta dagoela azaldu dute egileek.
Alejandra Loizagak idatzi du testua, Zirats Apraizek egokitu du eta Tamsir Ndoyerenak dira marrazkiak eta ilustrazioak. Euskaraz, gazteleraz eta frantsesez dago ipuina: «Irakurleak ez dira bertako umeak bakarrik, kanpokoek ere ulertzeko modukoa izan behar da, beraien historia ere badelako», azaldu du Apraizek.
Ipuina sortzeak bere helburua badu, beraz: «Emozioak eta bizipenak kontatzeaz gain, erabilpen bat eman nahi genion istorioari», azaldu du. «Ipuin baten bidez jendearengana heltzea errazagoa dela pentsatu genuen, inmigrazioaren arazoa ezagutzera eman asmoz». Hezkuntza arloan inmigrazioa lantzeko duten materiala egokia dela onartu du Apraizek, baina ipuinak balio erantsia ere badauka: «Istorioak pertsonifikatzeko aukera ematen duela. Afrikatik datorren migrazio fluxu inpersonal horri izena jarri diogu, bizi izandakoa kontatu dugu».
Albistegiak ikustetik gurera errefuxiatu talde bat heltzera… Orduan jakin zuten zer den errefuxiatu talde bat. «Hasieran 30 eta 40 urte arteko gizon taldeak heltzen ziren eta, bapatean, familia bat heldu zen, ume txiki batekin. Horrek markatu egin zigun. Teleberrietan ikusten ditugun paterak zenbakiak dira, baina ipuin honek balioko digu izenak eta aurpegiak jartzeko».
Tximino bat eta neskato bat dira protagonistak, eta oso erreala dela dio Loizagak: «Argitaratzen denean eta eskualdean banatzen dugunean, umeak ohartuko dira istorioa, protagonistak Busturialdean kokatzen direla: Gernika, Astra, Ea… aipatzen dira kontakizunean. Ipuineko pertsonaiak bertan bizi dira, bertan ikasi eta gure hizkuntza darabilte».
Afrikatik datorren migrazio fluxu inpersonal horri izena jarri diogu”
Ikuspuntu erreala. Ipuina bere historia ere badela esan du Tamsir Ndoyek: «Nire kasuan, ez da kontatu didatena, bizi izan dudana baizik». Ipuinerako irudiak eta marrazkiak berak sortu ditu. «Barruan daroadan hori ateratzeko bidea ere bada, eta marraztean lortu nahi dudana da jendeak ulertu dezala nik bizitakoa». Pertsonaia nagusiak diren tximino eta neskatoan parekotasun bat ikusten du, gainera. «Uste dut asmoa dela azaltzea gu ere tximinoengandik gatozela. Izan ginenaren eta garenaren isla da». Horrez gain, tximino eta pertsonen bizimoduaren arteko desberdintasunak ere azaltzen ditu istorioak, ezkutuko mezua emanez: «Desberdinak izanda ere, batu eta elkarri lagundu behar diogu, tximinoen komunitateek egin bezala. Ez dugu ahaztu behar nondik gatozen», gaineratu du.
Irudiekin ere hori berori irudikatu nahi du, eta Afrikako herrixkak ere bere begiek ikusten izan dituzten bezala marraztu nahi ditu: «Afrikan bizimodua den bezala erakutsi nahi dut marrazkien bidez». Horregatik, eskuz marrazten du Ndoyek, «originalagoa delako». Burura datorkion bezala marrazten du, momentuan bertan. «Atzean utzi nuena paperean irudikatzea da nire asmoa. Han nengoenean bizimodua nola ulertzen nuen, hori da islatu nahi dudana».
Ipuineko pertsonaiak bertan bizi dira, bertan ikasi eta gure hizkuntza darabilte”
Ipuineko tximinoa bizirauteko borroka etengabean dabil, eta horrek ere badu antzekotasunik inmigranteekin, Loizagak azpimarratu duenez. «Tximinoari bere sostengua, babesa eta elikagaia izan den zuhaitza kendu diote, eta lapurtu egin behar du jateko, bizirauteko». Kontakizun horren atzean dagoenari begiratu eta iragana ez ahanzteko gomendatu du Loizagak: «Zer ari da gertatzen gaur egun? Zergaitik ematen dira migrazioak? Bada, iraganeko ustiapenak, esplotazioa eta, orokorrean, Afrikako kontinenteak bizi izandako gabeziak gogora ekarri behar dira egoera ulertzeko».
Afrikatik bertora. Busturialdea, Gernika-Lumo, Astra… Ipuina irakurtzen dutenek leku horiekin identifikatuta ikusiko dute euren burua. «Leku horiek aipatzen dira, eta ipuinean aipamen egiten diegu baita protagonistarekin, Islamekin, bizi diren pertsonei. Horrela, keinu bat egin nahi diegu Harrera proiektuaren parte izan direnei eta, Islamek egin bezala, itsasoa zeharkatuz heldu direnei».
Ndoyek dio ipuina existitzen diren istorio denen laburpena dela, «bizitako eta bizitzeko dauden istorioen laburpena». Proiektuan parte hartzea proposatu ziotenean poztasunez hartu zuela esan du: «Nik bizi izan dudana da, eta nire istorioa azaltzen banengo legez sentzitzen naiz. Horregatik, gogo eta maitasun handiagaz egiten dut».
nire istorioa azaltzen banengo legez sentzitzen naiz. Horregatik, gogo eta maitasun handiagaz egiten dut”
Istorioari zabalkundea eman gura diote, eta ipuina argitaratuko duenik ere badute. «Istorioa argitara ematea da asmoa, eta argitalpen horretatik onura ekonomikoa atera ahal izatea. Inguruko ikastetxeetan ere aurkeztu nahi dugu, erabili dezaten». Errefuxiatuak Busturialdera heldu zirenean ere ikastetxeetara joan ziren beraien istorioa kontatzeko, partekatzeko, ezagutzera emateko. Helburua didaktikoa da, ipuinarekin gertatu bezala. Salmentetatik atera dezakegun dirua berriro proiektuan inbertitzeko izango da.