Berritasunekin dator aurtengo Tuna Tagging Challenge
Aurreko bi ekitaldietan parte hartzaileek hegalaburrak markatu bazituzten ere, aurten, hegaluzeak markatu beharko dituzte abuztuaren 8an.
Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak Tuna Tagging Challenge ekimena antolatu du, hirugarren urtez. Aurten, abuztuaren 8an batuko dira parte hartzaileak, eta Bermeoko portutik abiatuko dira. Berritasun ugarigaz dator arrantza proba.
Aurtengoa «ezberdina» izango dela diote antolatzaileek. Berritasun nabarmenena parte hartzaileek markatu beharrekoan dago. Orain arte, aurreko bi ekitaldietan, hegalaburra markatu izan dute. Aurten, baina, antolatzaileek hegaluzean jarri gura izan dute begirada, «Bermeoko ekonomiarentzat, arrantzarentzat eta kontserba industriarentzat oso garrantzitsua den espeziea baita».
Bestalde, aurreko urteekin alderatuta, aurten, arrantzaleek jarriko dituzte markak. Hortaz, aurtengo Tuna Tagging Challenge ekimenean parte hartzeko izena ematen duten arrantzaleek prestakuntza saio bat egin beharko dutela azaldu dute probaren aurretik. Gainera, aurten, spinning-aren ordez, kazea edo kurrikana erabiliko da arrantza metodo modura. Horregatik, arrantza ekipo egokiak edukitzea beharrezkoa izango dela diote antolatzaileek.
Koronabirusa pil-pilean egonda, bestalde, parte hartzaile eta langile guztien segurtasuna bermatu aldera, BTWCko arduradunek adierazi dute Eusko Jaurlaritzak adierazitako segurtasun neurri guztiak beteko dituztela.
BTWCko ordezkarien esanetan, hegaluzea «oso preziatua» da bai elikaduran daukan garrantziagatik eta baita ere garrantzi ekonomikoagatik. «Zein da hegaluzearen populazio tamaina? Zeintzuk dira bere ezaugarri fisiologikoak? Nolakoak dira migrazioak? Galdera horiei erantzuteko, espeziearen ezagutza hobetzeko eta herritarren zientziari bultzada bat emateko antolatutako ekimena da Tuna Tagging Challange».
Kirol arrantzaleei zuzendutako proba da. Aisialdiko arrantzaren eta ikerketa zientifikoaren arteko lankidetzaren adibide bat dela diote antolatzaileek. Hegaluzeak banaka harrapatzean datza, markatze konbentzionala eginez horiek identifikatzeko. Arrantzaleek hegaluze alea harrapatuko dute, eta hari buruzko datuak hartu; esaterako, tamaina eta pisua. Horrez gain, uraren tenperatuta, data eta markaketaren kokapena ere jarri beharko dituzte. Prozesua amaitu eta marka jarri ondoren, hegaluzea itsasora bueltatuko dute.
Izen ematea, domekara arte. Aztiko tunidoetan espezializatutako biologo talde bat arduratuko da arrantza eta markatze prozesu guztia gainbegiratzeaz. «Alde batetik, jarduera modu jasangarrian egiten dela ziurtatuko dute. Bestetik, segurtasun neurriak betetzen diren ziurtatuko dute, bai eta ere parte hartzaileen artean jardunbide egokiak dauden».
Lortutako datuak baliogarriak dira hegaluzearen stock-aren egitura, mugimenduak eta migrazioak, hazkundea, populazioaren tamaina eta ezaugarri fisiologikoak hobeto ezagutzeko. «Informazio horri esker, arrantza motek espezie honengan dituzten ondorioak azter ditzakegu, eta, beraz, kudeaketa jasangarria gauzatzen laguntzen digute», esan du Ignacio Serrats BTWCeko presidenteak. Gainera, ekimenak ingurumenarekiko errespetua eta ezagutza zientifikoa bezalako balioak sustatzea ditu helburu; BTWCek hegaluzearen iraunkortasunaren alde hartutako konpromisoaren isla da.
Parte hartu gura duten horiek domekara arte (uztailak 26) daukate izena emateko aukera, www.bermeotunaworldcapital.org webgunean. Antolakuntzako arrazoiengatik, partaideen kopurua mugatuta egongo da, eta horien aukeraketa esperientziaren arabera egingo dute, eta gainera, arrantzarako ekipamendu egokiak eduki beharko dituzte. Izen emateak 20 euroko prezioa du tripulatzaile bakoitzeko, eta ontziko gutxienez bi kide eta gehienez bost egon beharko dira.
Izena emateko asmoa daukatenei gogorarazi gura diete eskatzen diren datu guztiak bete beharko dituztela webgunean, «beharrezkoa baita parte hartzaileekin harremanetan jartzeko eta ontzia dagokion agintaritzaren aurrean inskribatzeko». Ondoren, datorren astean emango dute jakitera ontzia probarako onartu duten ala ez.
Jolas markatze kanpainak 2001ean hasi ziren. «Ia 20 urte hauetan, aisialdirako ontzi askok milaka hegaluze, hegalabur, atun moja (patudo) eta marraduna (listado) markatu dituzte, besteak beste. Guretzat, aisialdiko arrantzaleen laguntza izatea funtsezkoa da, eta ikerketa zientifikoarekiko eta ingurumen-iraunkortasunarekiko konpromiso soziala areagotzen du», nabarmendu du Serratsek.
Aurten abuztuan izango bada ere, iaz irailean egin zuten Tuna Tagging Challenge. Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako zein Holandako, Baionako eta Sevillako 50 bat arrantzalek parte hartu zuten. Hamabost ontzitan banatuta, sei hegalabur markatzea lortu zuten.
2019an, berriz, nazioarteko bederatzi taldek parte hartu zuten, eta harrapatutako hegalaburren artean, 185 zentimetro eta 130 kiloko aleak marka guztiak apurtu zituen.
Aurten, hala ere, hegalaburra alde batera utzita hegaluzea bilatu eta markatuko dute.