Arte garakidea herria janzten
Harriak arte garaikideko programaren barruko 'Eta zure suzko hitzarekin jantzi nintzen’ erakusketa dago Ean abuztuaren 14ra arte. Espazio publikoko zazpi esku hartzek osatzen dute. Erakusketaren irekieran egin modura, abuztuaren 14an ere artistekin ibilaldia egingo dute. 12:30ean elkartuko dira Eskolondon.
Artelanak aske daude Ean. Erakusketa aretoetako hormen artean kokatu ordez, lorategi, zubi, plaza, hondartza, erreka eta Eskolondoko aterpea apaintzen jarri dituzte zazpi esku hartze. Udalerria dotore janzten.
Hirugarren urtez, Harriak arte garaikideko programagaz bat egin du udalak. Hain zuzen, Eremuaken ekimena da Harriak, eta herri txikien sorkuntza garaikidearekiko sentiberatasuna bultzatzera eta artearen inguruko lan eta bitartekaritza prozesuak ikusaraztera bideratuta dago. Istorioak “euskarrien gainean idazten” direlako, Eta zure suzko hitzarekin jantzi nintzen erakusketa dakarte oraingoan Harriakekoek. Santiago Fernandez-Mosteyrinen, Michelle Limaren eta Bernarda Beñat G. Garcia & Maialen Gallastegi Etxaberen lanak daude herriko hainbat txokotan sakabanatuta.
Espazio publikoetan egindako esku hartzeak dira, eta, beraz, naturagaz bat egiten dute sormen lan horiek. Horrela, bat eginda moldatuko dira abuztuaren 14a arte. Haizeak, euriak, eguzkiak, hegaztiek, arrainek… aldatuko dituzte, eta emaitza ikusteko “ikusmina” daukatela aitortu dute artistek.
Ivan Gomez komisarioak artisten lana eskertu du, espazio publikoetan euren obrak jartzeagatik “lan hirukoitza” eduki dutelako: “Testuaren eta ehunaren arteko harremanak bateratzen ditu Eara ekarri dugun proposamen honek. Beti ere, testua modu klasikoan ulertuta. Bernardak eta Maialenek oihalak eskaneatu dituzte, eta eskanerren akatsekin jolastu dute. Santiagok trazuak landu ditu, gainazalekin jokatuta, eta Michellek bere firmako arropak ekarri ditu”.
Harriak programak testu kritiko bat proposatzen du urteroko erakusketan, eta aurten Hariak kolektiboak sortu du Korapiloak ikusten diren tokian testua. “Oihal bat bailitzan, koloreekin jarri dute testua, parrafo bakoitzak kolore bat dauka. Eta horregatik, oraingo honetan testuari garrantzi handiagoa eman gura izan diot, eta Eskolondoko arkupean inprimatuta, tamaina handian jarri dut, erakusketaren beste pieza bat bailitzan”, azaldu du Gomezek.
Oihalak dira erakusketaren protagonista nagusiak. Koadro bihurtutako oihal zatiak dira, askotariko kolore eta formekin. Eskolondoko arkupean Fernandezen eta G. Garcia eta Gallastegiren obra bana daude, eta alboko lorategian Limaren kamisetetako bat. Gainera, G. Garcia eta Gallastegiren sormen lanaren parean euren sortze prozesuak biltzen dituzten QR kode bat dago, informazio osagarria gura dutenentzat.
Fernandezen esku hartzeetako bat hondartzaren harkaitzetan dago, itsasbeheren eta itsasgoren testigu. Gainazalekin eta lerroekin jokatuta lan egitea gustatzen zaio: “Horregatik, ehunak asko interesatzen zaizkit, gainazal bat osatzen duten lerroak direlako. Antitapiz antzekoak egiten ditut; oihalari hariak gehitzen joan ordez, kendu egiten dizkiot, eta horrela, batzuetan irudiak sortzen ditut”.
Sortzearen “abentura”
Paisaiagaz eta haizeagaz bat egiten du bere obrak Ean. “Itsasoko uraren erreflexuagaz” jokatu gura izan du. Sormen prozesua “abentura bat” izan dela nabarmendu du, eta “oso polita”. Inguruko kolorez betetako oihala da: zuria, berdea eta grisa. “Bandera bat dirudi, baina hori ez zen nik hasieran eman gura nion forma. Oihala paraleloki mugitzen da, uraren plano berean. Haize barik lerro bat ikusten da, baina haizeagaz olatuaren formak egiten ditu”, zehaztu du Fernandezek.
Hondartzan daukan obragaz lotura dauka errekan jarri duenak. Herria zeharkatzen duen errepideko zubiaren beheko aldean “flotatzen” ipini du obra bat. Sakontasunagaz jokatu du. Objektuak puztu edo hustu egiten dira, eta gora eta behera egiten dute, marearen arabera: “Objektu batzuk nik ekarritakoak dira, eta beste batzuk errekan bertan topatutakoak”. Egunak igaro ahala, objektu gehiago geratzen doaz, eta era berean, errekako lokatza pilatzen doa bertan: “Natura obra kamuflatzen doa”. Hala, itsasoan zein ibaietan pilatzen diren hondakinei buruzko gogoeta egiteko parada eskaintzen die herritarrei zein bisitariei.
Artistaren berbetan, hondartzakoan zein errekakoan “abandonatuta dauden objektuak” irudikatu ditu: “Gizakiok sortutako objektuek naturagaz elkar eragiten dute. Naturak degradatzen ditu batzuk, eta beste batzuk ezkutatu egiten ditu”.
G. Garciak eta Gallastegik testuekin osatzen dituzte obrak: “Gure gaiak ulertzeko egin genituen poemak dira”. Bi lan dituzte Ean: “Hasiera batean collage digital pila bat egin genituen eskanerretik pasatutako oihalekin. Zelanbait, oihalen ehundura eta gardentasun horiek eskanerretik ateratzerakoan photoshop-agaz digitalki aldatzen joatea zen gure asmoa”.
Zubian daukaten obra bi oihalek osatzen dute; alde bakoitzetik irudi bat ikusten da. “Ez genekien nola muntatuko genituen, eta hona etorrita inprobisatu egin dugu. Oihalek erreka ez ukitzea asko gustatu zaigu, eta errekaren mugimenduari erreferentzia egiten diete oihal hauek”. Artilezko jertse bat da horietako bat, eta eskaneatzerakoan sortutako mugimenduan “uraren erreflexua islatzen” dela dio Gallastegik.
Lima moda diseinatzailea da, eta bere arropa marka dauka. Haren berbetan, pasareletatik irten eta bere arropak halako erakusketa batean ezagutarazteko gogoz egon da, eta pozik dago emaitzagaz: “Modaren, pasarelen mundutik nator, eta halako zerbait egiteko gogoa neukan. Moda janzteko zerbait baino gehiago da niretzat; adierazkorra da. Momentuan bizi dudana adierazten saiatzeko da”.
Bizipenak kontatzeko
2017an egin zuen proiektuko bi kamiseta ekarri ditu Eara, eta bakardadeaz hausnartzeko gonbita egiten dute. Bakarrik dagoen pertsona baten istorioa kontatzen du Limak. “Egiten ditudan proiektuek istorioak kontatzen dituzte, bai neureak eta baita lagunenak ere. Kasu honetan, bikoteagaz harremana bukatu zuen lagun baten istorioa da. Harreman horretara gogor helduta zegoen, askatzea falta zitzaion”.
Proiektua Como puedes vivir contigo mismo izenburupean egin zuen, eta bi kamisetek esaldi bera daukate: You’ll never be alone (Inoiz ez zara bakarrik egongo).
Kamisetetako bat egur zatiekin gurutzea egin, eta Donibane Enparantzan jarri du: “Kubo batean jartzea zen hasierako asmoa, baina Andeetako herri bategaz amets egin nuen behin, bertan dauzkaten gurutzeekin, eta horregatik gurutze batean jartzea erabaki nuen. Bihozkada sentitu nuen. Penitentzia eta gurutzeak gustatzen zaizkidan elementuak dira, baina ez kontu erlijiosoengatik. Bestalde, bi kamiseta dira kamiseta bakarrean, zerbaitekin edo norbaiekin eduki daitekeen lotura irudikatuz”.