Bermeoko mugak berretsiko badituzte ere, Madalen Egunean "ez da jairik egongo"
Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu eta Mundakako alkateek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean. Diotenez, ez da erabaki erraza izan, baina egungo egoerak "ez du ahalbidetzen Madalen Eguna urtero bezala ospatzea". Herri guztietan neurri bereziak hartuko dituzte jende pilaketak ekiditeko.
Indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriek ezinezkoa egiten dute herritarren segurtasuna bermatzea. Horregatik, Madalen Egunean jairik ez egitea erabaki dute Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu eta Mundakako udalek. Hala, jairik egongo ez dela esateko agerraldi bateratua egin dute goizean lau herrietako alkateek. Diotenez, ez da erabaki erraza izan, baina egungo egoerak “ez du ahalbidetzen Madalen Eguna urtero bezala ospatzea”. Herri guztietan neurri bereziak hartuko dituzte jende pilaketak ekiditeko.
Jairik ez, baina, Bermeok bere mugak berretsi eta Izaro irlaren jabetza aldarrikatuko du, aurten ere. Urteetako ohiturari eutsiz eta protokoloak agintzen duenari jarraituz, beste teila bat hondaratuko dute Izaro irlaren inguruan. Aurten, Bermeoko alkate Aritz Abaroak Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko eraikineko teila jaurtiko du uretara. Hala, Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak adieraziko ditu. Teila bota aurretik, ohi legez, herriko bandera eta ikurrina altxatuko dituzte Izaro uhartean bertan.
Koronabirusak sortutako egoera honetan, Izarora botako duten teila “sinbolismoz beteta” dagoela dio Abaroak: “Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko eraikinaren teila bat aukeratu dugu gizarte zerbitzuetan lan egiten duten langileei omenaldi xumea egiteko. Izan ere, gizarte zerbitzuen garrantzia eta lehenengo lerroan lan egiten duten pertsonen jarduna goraipatu gura da ekintza honen bitartez”.
Protokolozko ekitaldi “xumea” izango dela esan du alkateak. Aurten, ez da segizio ofizialik egingo eta ez da gonbidatu berezik egongo. Udal Korporazioak, gainera, ez du Elantxobera eta Mundakara bisitarik egingo; Izarora joan teila jaurti eta herrira buelta egingo dute.
Madalen Eguna eta bezpera “jai garrantzitsuak” izaten dira bermeotarrentzat. Modu horretan, bi egun horietan kontrolak areagotuko dituztela esan du alkateak. Tabernetako, terrazetako eta txokoetako edukierak eta bertako portaerak zorrotz kontrolatuko dituzte: “Jarrera desegokirik ikusiko balitz, isunak jarriko dira”.
Udaltzaingoak kontrol bereziak egingo dituela jakinarazi du. Oinezko patruilen bidez osasun eta segurtasun neurriak betetzen direla egiaztatuko dute. Era berean, Bermeoko tabernek Madalen Egunerako zeukaten baimen berezia bertan behera geratu da eta ordutegi normalarekin jardun beharko dute.
Garraio publikorik ez. Elantxobeko alkate Patxi Egurrolak esan du sekula hartu ez duten erabaki bat hartu behar izan dutela, Elantxobeko portua zarratzea. Elantxobeko ontziak baino ezingo dira Madalen Egunean portura sartu, eta tripulatzaile eta bidaiari guztiek baimen pertsonala, nominatiboa eta besterenezina eduki beharko dute: “Baten batek beharrezkoa den baimena ez badauka ontzia ezingo da portura sartu”.
Portuaz gain, udalerrirako sarrera guztiak ere zarratuta egongo dira Ibarrangelun, Iturrioz, Akorda, Arboliz eta Lastarrian auzoetan. Garraio publikoa ere ez da Elantxobera iritsiko egun horretan.
Egurrolak argi utzi gura izan du Madalen Egunean ez dela herrian txosnarik egongo, ezta kalean musikarik egongo. Herriko tabernek eguneroko jarduna edukiko dute. Ertzaintza kontrolak egiten egongo dela esan du, neurriak bete daitezan. Nabarmendu du, gainera, jende pilaketen arriskurik egonez gero, “bertan dauden pertsonak sakabanatuko dituztela eta udalerria jendez hustuko dela”.
Elantxobeko herritarren %40a adinekoak direla dio Egurrolak, eta “inondik inora” ez doa horien osasuna arriskuan jartzen.
Madalen Eguna Ibarrangelun ospatzen ez bada ere, Elantxoberako sarrera han egonik jende asko batzen da urtero, inguruan. Modu horretan, Ibarrangeluko herrigunera ere garraio publikoa ez dela iritsiko azaldu du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak, Arriderra eta Akordako bidegurutzean egingo dituzte geldialdiak.
Elantxobera zein Ibarrangelura bertako biztanleak baino ezingo dira sartu. Baimen berezia izango dute baita ere honakoek: bigarren etxebizitza daukatenek, udalerriko enpresaren batean lan egiten dutenek edo establezimendu turistiko edo ostalaritzakoetan erreserbaren bat daukatenek. Bi herrietara sartzeko baimenak Elantxobe eta Ibarrangeluko udalek kudeatuko dituzte eta sarreretako kontrola Ertzaintzak egingo du.
Garraio publikoa Elantxobera eta Ibarrangelura iritsiko ez denez, bi alkateek azaldu dutenez, furgoneta edo taxi zerbitzua jarriko dute behar duten herritarren eskura: “Badagoelako jendea, esaterako, kanpoan lan egin eta joateko garraio publikoa erabiltzen dutenak”. Hala ere, parkamena eskatu gura die herritarrei sor daitezkeen eragozpenengatik, bai eta ostalariei ere, “kalteengatik”.
Erabaki “gogorra” izan bada ere, Mundakako portua ere zarratuko dutela esan du Mikel Bilbao alkateak. Elantxoben modura, Mundakako ontziek edo Mundakan amarratzeak dauzkaten ontziek baino ezingo dute bihar Mundakako portura sartu. Herrian ere kontrolak areagotuko dituztela jakinarazi du, jende pilaketak saihesteko. Dioenez, segurtasun eta osasun neurriak betetzen ez direla ikusten bada, jendea sakabanatuko dute. Alkateak gogorarazi du, gainera, maskaren erabilera beharrezkoa dela eta gazteen lokalak zabaltzeko baimenak ez dagoela. “Herriko ekonomiarentzat erabaki ona ez bada ere, oraingoan osasunaren alde egitea tokatzen zaigu”.
Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu eta Mundakako udalek herritarrei zein bisitariei “erantzukizunez” jokatzeko eta “ahalegin berezia” egiteko eskatzen diete, “guztion osasuna baitago jokoan”. Madalen Eguneko jairik egongo ez denik, gainera, “ezer berezik ez egitea” eskatu dute.