Izan Bidearen baitan, ibilbidea antolatu dute Busturian domekarako
7,5 kilometroko ibilbidea prestatu dute, eta umeek ere egiteko aproposa dela azaldu dute
Izan bidea, ibiltarien sarea dinamikaren baitan, Busturiko Sarek ibilaldia antolatu du herritik domekarako. “Urratsez urrats, Busturian ere bidelagun izan gura dugu preso eta iheslarien etxerako bidean, elkarbizitzarako bidean, bakerako bidean…”, adierazi du Busturiko Sarek.
Euskal Herriko biztanle haina kilometro egitea da Izan bidea, ibiltarien sarea dinamikaren erronka, eta busturiarrek ere erronka horretan parte hartuko dute. 7,5 kilometroko ibilbidea prestatu dute horretarako, eta umeek ere egiteko aproposa dela azaldu dute antolatzaileek; bi ordutan egiteko moduko ibilbidea dela diote.
10:00etan, Altamiran. Domekako ibilbidean parte hartu gura dutenek 10:00etan egon beharko dute Altamira auzoko plazan. Handik abiatuta, San Bartolome, Axpe, Abiña eta San Kristobal zeharkatuko dituztela jakinarazi dute.
Maskara eroatea, orain, denontzat derrigorrezkoa da. Segurtasun neurriak bete aldera, hala ere, antolatzaileek horren erabilera derrigorrezkoa dela gogorarazi gura dute.