Ian Ponciano eta Naia Laso bermeotarrak, olinpiar jokoetara begira
Basque Team Fundazioak eta Euskadiko Patinaje Federazioak skateko bikaintasun-proiektu bat jarri dute martxan, eta Paris 2024 eta Los Angeles 2028 olinpiar jokoak dituzte helburu. Proiektua osatu duten lau skaterretako bi dira Ian Ponciano eta Naia Laso bermeotarrak.
Basque Team Fundazioak eta Euskadiko Patinaje Federazioak skateboardeko errendimendurako proiektua martxan jartzeko akordioa sinatu dute. Fundazioak eta Federazioak baliabideak eta esfortzua batzea erabaki dute hurrengo hitzordu olinpikoei begira: Paris 2024 eta Los Angeles 2028.
Hain zuzen ere, Tokyoko olinpiar jokoetan lehen aldiz olinpiar programan sartuko da diziplina hau, eta erkidegoak “etorkizun oparoa duten talentu gazteak” dituela kirol honetan azpimarratu dute Basque Team-eko arduradunek. 2018ko Munduko Txapelketan maila absolutuan lortutako emaitzengatik 2019an Basque Teameko beka jaso zuen Ian Poncianok (Bermeo, 13 urte), Naia Lasok (Bermeo, 12 urte), Alain Kortabitartek (Donostia, 15 urte) eta Iraia Escobarrek (Ordizia, 19 urte) osatuko dute Gonzalo Irigorasek eta Urtzi Unanuek zuzendutako proiektua.
Bikaintasun-proiektu hau Basque Team-ek Piraguismoko, Surfeko, Atletismoko, Arrauneko, Eskubaloiko, Gimnasiako, Karateko, Badmintoneko, Mahai-teniseko, Neguko Kiroletako eta Kirol Egokituko Euskal Federazioekin dituen beste batzuetara batzen dela azaldu dute. Hurrengo hitzordu olinpikoetan lehiatzeko aukerak dituzten kirolekin lan eginda, “errendimendua lortzea” dute helburu.
Esan dutenez, Euskal Federazioek eta Basque Team Fundazioak gidatutako proiektuek kirolarien egunerokoa ezagutzen duen entrenatzaileak izango dituzte ardatz. Kirolarien erabateko jarraipena egingo dute, euren beharrizan guztiak betetzeko asmoz. Euskal federazioek zuzenduko dituzte proiektuak eta horretarako Basque Teamek laguntza ekonomikoa, zerbitzu biomediku, tekniko eta psikologikoak eta ikasketetan eta irudi eta komunikazioan aholkularitza eskainiko dizkie.