Bermeoko Udalak 205 edukiontzi berrituko ditu
Sastar eta paper edukiontziak berrituko dira, hain zuzen ere. Aurrerantzean, gainera, renting sistema erabiliko dute.
Bermeoko Udaletik jakinarazi dutenez, sastar eta paper edukiontziak berrituko dituzte; hain zuzen ere, 205 edukiontzi aldatuko dituzte: 145 hondakinak biltzekoak, eta 60, berriz, papera eta kartoia jasotzekoak.
Zaharkituta geratu diren edukiontziak ordezkatuko dituztela azaldu dute udal arduradunek: “Beharrezkoa zen horiek aldatzea. Urteen joan-etorriekin herriko zenbait puntutan dauden edukiontziak hondatuta daude eta aldatzeko premia daukate. Herritarren aspaldiko beharrizanari erantzuna emango diogu”.
Gaur egun dauden edukiontziak Bermeoko Udalarenak dira, edukiontzi berriak, hala ere, renting sistemaren bidez jarriko direla jakinarazi dute. Bost urterako kontratua sinatu du udalak, eta BEZ barne, 311.962 euroko inbertsioa egin dutela zehaztu dute. Behin lizitazio prozesua amaituta eta kontratua esleitu ostean, esleipena jaso duen enpresa Bermeorako edukiontziak egiten dabilela diote, eta irailean jarrita egotea espero dute.
Bermeok, gaur egun, bost edukiontzi mota ditu: hondakinak, papera eta kartoia, organikoa eta beira eta ontziak. Lehenengo hiruren jabea Bermeoko Udala da. Aurrerantzean, hala ere, sinatu berri den kontratuari esker, hondakinak eta papera eta kartoia biltzen dituzten edukiontzien mantenua eta garbiketa esleitutako enpresaren ardura izango dira.