Bermeo hirugarren, Bizkaiko Traineru Txapelketan
Busturialdea hamargarren sailkatu da. Iker Zabala bermeotarraren Santurtzi da aurtengo Bizkaiko txapelduna gizonezkoetan, eta emakumezkoetan, Ondarroak lortu du garaipena.
Lekeitioko uretan lehiatu dute aurten ere Bizkaiko Txapelketa, eta Bermeo podiumean sartu zen, hirugarren sailkatuta. Busturialdea hamargarren sailkatu zen.
Eusko Label Ligaren liderra den Santurtzirentzat izan da bandera. Faborito nagusietako bat zen, eta atzo ez zuen hutsik egin. Lehen kolpeetatik lehia estua eduki zuen Zierbenagaz; azken luzean aurrea hartuta nagusitu da Sotera, 20 minutu, 11 segundo eta 49 ehuneneko denboragaz. Hiru segundo eta 11 ehunenera geratu zen Zierbena, eta Urdaibai bost segundo eta 48 ehunenera sailkatu zen.
Ondarrutarrak izan ziren azkarrenak bigarren txandan, eta irabazlearengandik 31 segundo eta 61 ehunenera geratuta, laugarren amaitu zuten.
Hala, sailkapeneko goikaldean sartuta, Euskadiko Traineru Txapelketa lehiatzeko txartela eskuratu dute Santurtzik, Zierbenak, Urdaibaik eta Ondarroak. Azken urteotan modura, Euskadiko txapeldun izateko lehia ere Lekeition izango da, uztailaren 31n [barikua].
Emakumezkoetan, Ondarru nagusi. 11:54:27 minutuko denboragaz ondarrutarrek irabazi zuten. Nagusitasun osoz gailendu zen Ondarroako taldea; Lutxana bigarrenari 22 segundo eta 10 ehunen atera zion. Lutxanagaz bigarren posturako lehia polita eduki zuen etxeko taldeak, eta irabazlearengandik 25 segundo eta 15 ehunenera sailkatu zen. Deustu izan zen laugarrena.