Beaskoetxea eta Lekerika sailkatu dira Markina-Xemeingo Masterraren finalera
Beaskoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Aldazabal bikoteen arteko finalerdia berdinketa hausteko set-ean erabaki da. Karmen Egunean lehiatuko dute beste finalaurrekoa Goiko-Etxeto eta Hormaetxea-Lopez bikoteek.
Jai Alai World Tour zirkuitua zaleak gozarazteko gogoz hasi dute. Markina-Xemeingo Masterragaz hasi da aurtengo lehia, eta barikuan Beaskoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Aldazabal bikoteek ikuskizun ederra eskaini zuten, Unin. Lehen finalerdian, bikote gernikarra nagusitu da (8-15/15-13/5-1), eta hortaz, uztailaren 19ko [domeka] finalean egongo dira. Euren aurkariak egunean, Karmen Egunean erabakiko dira. Goikoetxea-Etxeto eta Hormaetxea-Lopez lehiatuko dira, finalerako txartelaren borrokan.
Ezohiko denboraldi honen lehen jardunaldia izanda, ikusmina zegoen barikurako, baina, segurtasun neurri zorrotzak beteta, ezustekorik gabe, giro onean igaro zuten. Maskarak erabiltzea derrigorrezkoa dute ikusleek, eta %60ko gehienezko aforoa ezarrita dago partiduetarako; Uni frontoiari dagokionez, 600 pertsonako muga dago. Gehienezko mugatik gertu, jendetza batu zen.

Barikuko finalerdiko bi bikoteak, Unin. Argazkia: Jai Alai News.
Jokoari dagokionez, partidu polita eta entretenitua izan zen barikukoa. Erkiaga ispastertarrak eta Aldazabal berriatuarrak hasiera ikusgarria egin zuten. Aldazabalek egundoko erakustaldia eman zuen; ez zuen bakar bat ere huts egin, Lekerika menderatu zuen, eta gauzak erraz jarri zizkion bere aurrelariari. Erkiaga ere geldiezin aritu zen: errebote barrura moztuta, bi hormakoak… Beaskoetxea zorabiatzen asmatu zuen. Gorriak ezinean ikusi ziren, ahal zuten moduan urdinei aurre egiten.
8-15 amaitu zuten lehen set-a, eta bigarren set-ean bestelako irudia eman zuten protagonistek. Berdinduagoa izan zen. Lehen jokaldietan Ispasterko aurrelariak bere talentua agerian utzi zuen berriro, baina bikote azula lehen zatian baino mantsoago nabari zen. Beaskoetxeak eta Lekerikak aukera garbia zeukatela ikusi zuten. Partiduan erabat sartuta, konstantziaz, garaipenean sinistu zuten, eta bigarren setaren erdialdetik aurrera, aurkariak kontrolpean eduki zituzten. Beaskoetxeak sakez egindako tantuagaz aurreratu zen markagailuan bikote gernikarra.
Ondoren, Lea-Artibaiko bikoteak pare bat tanturen abantaila hartu zuen, baina gero, hamarna berdindu zuten. Jarraian bi tanto egin zituen Beaskoetxeak. Erkiagarena izan zen hurrengoa, baina, aurrelari gernikarrak berehala erantzun zion (13-11). Gorriek seta eskuratzeko tanto bakarra falta zutenean, bi tantugaz hurbildu ziren azulak, baina, amaieran, Erkiagak ez zuen sakeagaz asmatu eta Beaskoetxeak alboko horma bikoagaz borobildu zuen set-a.
Berdinketa hausteko saiakeran, ispastertarrak eta berriatuarrak huts egin zuten. 2-0 aurreratu ziren gernikarrak, eta jarraian heldu zen azulen tantu bakarra.
Mutrikuarrak finaletik kanpo. Bestalde, arratsaldeko lehen partiduan Barandika (Gernika-Lumo) eta Ibarluzea (Markina-Xemein) 30-22 nagusitu zitzaizkien Goixerri eta Manzi mutrikuarrei.
Arbe eta Mandiola etxeko bikotearen eta Antxon eta Zabalaren arteko eguen honetako lehiaren irabazlearen kontra jokatuko dute finala Barandikak eta Ibarluzeak.
Sarrerak. Uztailaren 16ko finalaurrekoetarako eta uztailaren 19ko finaletarako sarrerak udaletxeko Berton bulegoan edo telefonoz deituta (688 81 37 75) erosi daitezke.

Xabi Barandika gernikarra, eskumatik hasita lehenengoa. Argazkia: Jai Alai News.