Abstentzioak markatutako hauteskunde eguna
Busturialdeko herri gehienetan abstentzioak gora egin du, 2016ko hauteskundeetako datuekin alderatuta. Hogei herrietatik 16tan EAJk izan du boto gehien. Bizkaian EH Bilduk bi jesarleku irabazi ditu, eta EAJk bat.
Parte-hartzeak nabarmen egin du behera atzoko hauteskunde jardunaldian. Legebiltzarrerako hautetsiak aukeratu behar zituzten atzo herritarrek, eta abstentzioak gora egin du (%7,08) 2016ko datuak kontuan izanda. Hain zuzen, parte-hartze datua ezagutu den txikiena izan zen, 1994az geroztik. Urte hartan, %59,69koa izan zen parte hartzea, eta %40,31koa abstentzioa. Atzo, abstentzioak ia 7 puntu egin zuen gora (%47,07) eta %52,93k eman zuen botoa.
Busturialdean ere gora egin zuen abstentzioak, orokorrean. Atzoko egunean, 35.645 herritar zeuden botoa ematera deituta. Ajangizen bakarrik egin zuen behera abstentzioak: %27,37koa izan zen 2016an, eta %23,48koa atzo.
Parte-hartze txikiagorekin (%62koa izan da gaur), boto kopuru gehien lortu arren, EAJ izan da kaltetuena Busturialdean, 2020ko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Hogei herrietatik 16tan indar nagusia izan dira jeltzaleak; eta EH Bildu izan da bozkatuena Ajangizen, Ean, Muxikan eta Nabarnizen. Hala ere, Busturialdeko datu orokorrei begiratuta, botoetan behera egin du EAJk, eta goranzko joera erakutsi du EH Bilduk. Hain zuzen, 12.724 boto izan zituzten jeltzaleek 2016an, eta 11.461 zenbatu dituzte 2020an (1.263 boto gutxiago).
EH Bilduk, berriz, 8.034 boto izan zituen 2016an Busturialdean, eta 8.253 izan ditu 2020an (219 boto gehiago). Elkarrekin Podemos izan da hirugarren indarra eskualdean, 871 botorekin. 841 izan ditu PSEk, 273 PP-Ciudadanosek eta 166 Equo-Berdeak alderdiak.
Bermeo izan da Busturialdeko herrien artean abstentziorik handiena izan duena: %43,95. Hau da, 2016. urtean baino ia %7 handiagoa. Gernika-Lumon ere gora egin du abstentzioak: %6,5. %36,32koa izan da gaur, eta %29,79koa izan zen duela lau urteko hauteskundeetan.
EAJk eta EH Bilduk legebiltzarkide gehiago. Bizkaiko datuei erreparatuz gero, hautesleen %52,45k eman zuen botoa. Lurralde horretan, beraz, abstentzioak gora egin du, eta parte-hartzea %8 gutxiago izan da, 2016ko datuekin alderatuta. Testuinguru horrek mesede egin dio EAJri. Boto kopuruan behera egin arren (2016an baino 38.778 boto gutxiago izan ditu) jeltzaleak izan dira ehunekoetan bozkatuenak Bizkaian ere, eta legebiltzarkide bat gehiago lortu du lurralde horretan: 12 izango ditu hurrengo lau urteetan.
EH Bilduk ere emaitzak hobetu ditu. Seigarren jesarlekuaren bila zihoazela aipatu dute abertzaleek kanpainan, eta zazpigarrena ere lortu dute. Boto kopuruan gora egin du koalizio abertzaleak, eta 2016an baino 12.691 boto gehiago izan zituen atzo. Elkarrekin Podemosek galdu du indarra Bizkaiko lurraldean. Lau jesarleku zituen eta bi izango ditu hurrengo legealdian. PSEk bere 3 legebiltzarkideak mantenduko ditu Bizkaian, eta PP-Ciudadaanos koalizioak bat galdu eta bakarrarekin geratuko da.
Dena den, atzoko emaitzei posta bidezko botoak zenbatu behar zaizkie. Aurten, posta bidez bozkatu duten herritarren kopuruak gora egin du, gainera.
Erreakzioak. EAJ izan da bozkatuena hiru herrialdeetan, eta guztira 33 jesarleku ditu. EH Bilduk, berriz, 22 legebiltzarkide ditu atzoko emaitzen arabera, eta 10 jesarlekurekin geratuko litzateke PSE-EE. EAJ eta PSEren arteko gobernua errepikatzeko erabakirik hartu duten galdetu diote Josu Erkorekari hainbat irrati katetan eman dituen elkarrizketetan, eta alderdien arteko erronda hasteko asmoa agertu du bermeotarrak. Atzoko emaitzekin pozik, aurrerantzean dituzten erronkak “arduraz” hartzeko baliatu behar dituztela esan du Erkorekak. “Pandemia ez da amaitu eta beronek ekarri duen krisi ekonomikoa kontuan hartzekoa da”. Hala, orain lehentasuna herria berregitea dela aipatu du, koronabirusak ekarri duen krisiari aurre egiteko.
EH Bilduren lehendakarigai Maddalen Iriartek ere positibotzat eman ditu atzo lortutako emaitzak. Botoetan gora egin duen alderdi bakarra izan da koalizio abertzalea, eta parte hartze datuak kontuan izanda, inoizko emaitzarik hoberenak lortu dituztela esan du Iriartek. Gainera, eskua luzatu die Euskal Herria «ezkerretik eta burujabetzatik» eraiki nahi duen orori, eta honako mezua helerazi: «Aldaketa hasi baino ez da egin. EH Bildu gero eta zabalagoa eta handiagoa izango da».
Segurtasun neurriak. Berezia izan da aurtengo hauteskunde jardunaldia, pandemia egoeragatik. Segurtasun eta osasun neurriak zainduta eman behar izan da botoa. Guztira 2.678 hautes-mahai egokitu zituzten botoa emateko. Hauteslekuetara sartu orduko, eskuak garbitu behar izan dituzte herritarrek, eta botoa emateko maskara erabiltzea derrigorrezkoa izan da.