Busturialdeko 35.645 herritar daude botoa ematera deituta
Herritarrek maskaragaz joan beharko dute botoa ematera. Identifikatzerako garaian, mahaietako kideek ezingo dute boto emaileen nortasun agiria eskuetan hartu.
Egoera berezian datoz domekako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bozkalekuetara botoa ematera doazenek osasun eta segurtasun neurriak bete beharko dituzte. Busturialdean 35.645 herritar dira hautetsontzietara botoa ematera joateko eskubidea daukatenak.
Betebeharreko zenbait neurri egongo dira domekan. Hala, herritarrek ezin izango dute botorik eman maskara jantzi barik; ahaztu zaien herritarrentzako maskarak jarriko dituztela azaldu dute Segurtasun Sailekoek. Gainera, tartea zaindu beharko da, eta eskuak garbitu beharko dira; horretarako, sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoak jarriko dituzte. Horrez gain, botoa etxetik prestatuta eroatea gomendatu dute.
Beste aldaketa batzuk ere egongo dira domekan. Mahaian identifikatzeko orduan, bakoitzak bere izena esan beharko du, eta mahaiko kideek ezingo dute eskuetan hartu boto emailearen nortasun agiria. Hauteslekuetako sarbideak ere kontrolatuko dituzte, jende pilaketak egon ez daitezen, eta seinaleen bidez adieraziko dituzte ibilbideak.
Mahaiko kideentzako materiala ere banatu dute. Kaxa bakoitzean, maskara kirurgikoak, gel hidroalkoholikoa, botoa kontatzeko orduan erabili beharreko FFP2 maskarak eta eskularruak egongo dira.
Botoak eskularruak jantzita kontatu beharko dituztenez, Estefania Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburuak esan du emaitzak ordu erdi inguru atzeratu daitezkeela.
41 hautesleku gehiago. Domekako hauteskundeetan aurrekoetan baino 41 hautesleku gehiago egongo dira, 761 guztira; 27 gehiago Bizkaian, 6 berri Araban eta 8 Gipuzkoan. Hauteslekuetan aldaketak egin behar izan direnez, Segurtasuneko sailburuak herritarrei gomendatu die arretaz irakurtzeko EINek etxera bidalitako errolda txartela, bertan jartzen duelako hautesle bakoitzak zein hautesleku eta mahaitan eman beharko duen botoa.
Domekan, guztira, 2.678 hauteskunde mahai egongo dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, 2016an baino 85 gehiago.
“Hauteskunde mahaien arteko eta hauteskunde mahai bakoitzeko langileen arteko distantziak bermatzeko, udalek eta Estatistikako Institutu Nazionalak une eta leku batzuetan jendea pilatzea eragozteko alternatibak aurkitzeko ahalegina egin dute”, azaldu du Beltran de Herediak