Julen Arzuaga: "Gu ez gatoz promesak egitera, konpromisoak hartzera baino"
Bizkaian EH Bilduk seigarren eserlekua jokoan duela aipatu zuten Arzuagak eta Bidegurenek; hortaz, "bila joan behar dela" nabarmendu zuten Bermeoko ekitaldian.
Julen Arzuaga EH Bilduko Bizkaiko zerrendakidea eta Idurre Bideguren EH Bilduko senataria Bermeon egon ziren atzo. Lau hilabete “gogor” era gero, “altxatzeko unea” dela esan zuen Arzuagak: “Betiko neurriekin eta betiko politika eta eredu zaharrekin aurrera egingo dugu edo neurri berri eta alternatiboak gura ditugu? Azken hori proposatzen du EH Bilduk. Guk aurrera egin nahi dugu eta horretarako hamar konpromiso gehi bat ditugu. Justizia sozialean, berdintasunean eta elkartasunean oinarritutako konpromisoak dira. Gu ez gatoz promesak egitera, konpromisoak hartzera baino”.
Zerbitzu publikoak “sendotzeko” eta “eraikitzeko” konpromisoa daukatela esan zuen EH Bilduko Bizkaiko zerrendakideak, “inolako murrizketarik barik”: “Osasungintza, hezkuntza, zaintza sistema… altxatu egin behar ditugu”.
Suspertze ekonomikoa ere aipatu zuen, eta suspertze hori “neurri berdeekin” egiteko apustua dakar EH Bilduk: “Ingurumena maitasunagaz tratatzen duena, inora ez doazen tren faraonikoak, natura txikitzen duten azpiegiturak nahi ez duena, eta zelan ez, Zaldibar bezalako zabortegi hilgarriak ez ditugu nahi”. EH Bilduk prekarietatearen aurka eta lanpostu eta pentsio duinen alde borrokatuko duela ere nabarmendu zuen.
Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) gobernatzeko eredua kritikatu zuen: “Ondo gobernatzen dutela diote, eta bai, ondo egiten dute euren lagunen alde. Ondo kudeatzen dute gutxi batzuen alde”. Hori, baina, EH Bilduren eredua ez dela aipatu zuen: “Guk gutxien daukaten alde, gehiengo baten alde, bizi duina merezi duten sektore pobretu horien alde borrokatzen dugu, eta horren alde egiten ditugu gure planteamenduak”.
Burujabetzaren bideaz ere jardun zuen: “Estatu baten tresna guztiak behar ditugu hemen hartzen ditugun erabakiak hemen gauzatu ahal izateko, inolako menpekotasunik barik”.
“Gehiengo absolutua izango dutela diote, inork ez dakien arren domekan zer gertatuko den. Hala bada, katastrofe galanta izango da, hondamendia. Autoritarismoa gehiago areagotuko litzateke”, esan zuen.
Euskal preso politikoentzako berbak ere izan zituen Arzuagak. EH Bilduk bere esku dagoen dena egingo duela esan zuen euskal preso politikoak “ahalik eta arinen Euskal Herrian, etxean, libre egon daitezen”.
EH Bildu “lasai” dagoela esan zuen Arzuagak, “konfidantzaz beteta, indartsu eta ilusioz gainezka”. Horien ilusio eta animo egoera zabaltzeko eskaera ere egin zuen: “Ez ohiko uneak bizitzen ari gara eta ezohiko emaitzak behar ditugu. Bizkaian jokoan daukagu seigarren eserlekua, eta bila joan behar dugu bagaudelako merezi dugun herri bat gobernatzeko prest”.
Etxean, “gustura” zegoen Idurre Bideguren bermeotarra. Norabidea definitzeko momentua dela esan zuen bermeotarrak, “bidegurutzean” gaudela aipatuta: “Jokoan dago etorkizunean zein izango den herri honen eredua eta etorkizuna”.
Koronabirusaren pandemiak “osasun krisi eta krisi sozial eta ekonomiko” larria ekarri duela dio Bidegurenek: “Krisi honek, hala ere, irakasgai garrantzitsuak eman dizkigu eta lehendik zeuden ahultasunak azaleratu ditu”.
Emergentzia klimatikoa aipatu zuen Bidegurenek: “Ikusi dugu emergentzia egoera baten aurrean herriak zelako gaitasuna izan duen esfortzu indibidualak eginda, onura kolektibo bat lortzeko. Zergaitik emergentzia klimatikoaren aurrean esfortzu txikiena ere handia dela uste dugu? Zer gertatzen da? Erantzun bat daukat buruan, agian, ez dugu uste emergentzia bat denik. Serio hartu beharko genukeen erronka handi bat da”.
Zortzi urtetan Bermeoko alkate izateko “ohorea” izan du, eta horietan urte guztietan, Busturialdean ura zaintzeko Eusko Jaurlaritzatik egin den ahalegina “zero” izan dela nabarmendu zuen: “Urkullu jauna noiz amaituko da Urdaibaiko saneamendu sarea? Noiz izango da lehentasuna Urdaibai Biosfera Erreserba? Noiz izango da lehentasuna biodibertsitatea?”.
Gernikako ospitalea ere ekarri zuen gogora: “2007an, ospitaleko goiko solairuan oheak egongo zirela uste zen. Gaur egun, ohe barik jarraitzen du. Pandemia honetan oheen beharrizana egon denean, Eusko Jaurlaritzako arduradunek Sukarrietako udalekuetan oheak jartzea posible litzatekeela esan zuten, Gernikako ospitaleagaz ahaztuta. Uste dut momentua dela ospitale hori behar den moduan hornitzeko eta behar den dimentzioa emateko”.
Pandemiak “benetako lehentasunak” zeintzuk diren erakutsi ditu, Bidegurenen arabera. Era berean, koronabirusaren krisiak osasun sistema neurtu duela dio, bai eta zaintzaren garrantzia mahai gainean jarri ere: “Zerbitzu publikoak indartzeko momentua da eta zaintza sistema indartsu bat sortzeko momentua ere bada, eta horretarako, EH Bildu indartsu bat behar da”.
Krisi honek, bestalde, herri moduan “zaurgarriak” garela ere erakutsi duela esan zuen: “Berriro ikusi dugu Espainiako Gobernuak ez duela gure autogobernua errespetatzen”.
Krisi sanitarioak ekarri duen krisi ekonomiko larria ere aipatu zuen, eta langile pobrearen figura nabarmendu zuen: “Nahiz eta lanean egon pobrezian bizi den jendea dago, oso larria da eta aldatu beharrekoa. Lan merkatuan prekarietatea da nagusi”. Egoera horri buelta emateko lanean ari direla adierazi zuen, “bai Madrilen eta bai Gasteizen lanean jarraituko dutela azalduz”.
Maddalen Iriarteren ikuspuntu berritzaileak aipatu zituen EH Bilduren senatariak, “krisitik ateratzeko beharrezkoak”: “Politika egiteko beste modu bat, kolaboratiboagoa eta emozionalagoa dauka”. Aldaketa unea da eta EH Bildu “indartsua” behar dela esan zuen; “herri honek arlo nazionalean eta sozialean aurrera egiteko berme bakarra EH Bildu da”.