Urdaibaik laugarren amaitu du denboraldiko lehen asteburua
Galiziako uretan ekin diote denboraldiari arraunlariek. Azken hilabeteotako itxaronaldi luzea eta ziurgabetasuna alboratuta, lehiarako gogoz eta indarrez daudela erakutsi dute asteburuan.
Gizonezkoen Eusko Label Ligan Santurtzirentzat izan da A Coruñako bandera, eta emakumezkoen Euskotren Ligan Orio iazko txapeldunak eskuratu du denboraldiko lehen bandera. Urdaibaik laugarren hasi du denboraldia, 16 puntugaz. 21 puntugaz berdinduta daude Orio eta Santurtzi eta Donostiarra da hirugarrena, 19 puntugaz.
Bi jardunaldi eta bandera bakarra. Bi estropadetan erabaki da Ciudade A Coruña Bandera. Eusko Label Ligaren lehen jardunaldian Hondarribia sailkatu zen lehenengo postuan eta ia bi segundora sailkatu zen Santurtzi. Bermeoko taldea hirugarrena izan zen, 16 segundo eta 24 ehunenera. Hirugarren txanda Hondarribiaren eta Urdaibairen arteko nagusitasunarekin hasi zen. Lehen ziabogara iritsi ostean, Ioseba Amunarrizen mutilek atzean utzi ahal izan zuten Bou Bizkaia.
Atzo, berriz, zazpigarren izan zen Urdaibai. Azken txanda modu ikusgarrian hasi zen. Lau traineruak hiru segunduko aldearekin heldu ziren lehen ziabogara, aurretik Orio zela. Horrela jarraitu zuten gipuzkoarrek, eta denbora handitzen joan ziren. Azken luzean, Santurtzi aurretik jarri arren, azken olatuari esker eguneko garaipena lortu zuen San Nikolas traineruak (20:45:44). Sotera segundo bat atzetik sartu zen (20:46:44), eta Urdaibai hirugarren postuan iritsi zen helmugara 21:08,76 denborarekin. Hondarribia, bandera irabazteko 1.9 segundoko abantaila izan arren, bigarren luzean atzean geratu eta ezinean aritu zen, Oriorekiko 39 segundu galduz (21.25).
Bestalde, patroi onenaren sailkapenari dagokionez, Urdaibaiko Jon Barturen dago lehen postuan, 3 puntugaz eta Ondarroako Iñigo Larrinagak ere 3 puntu dauzka.
Orioren erakustaldia. Euskotren Ligan, Oriok iazko denboraldiko nagusitasuna berretsi du asteburuan. Atzo hasieratik hartu zuen estropadaren burua, eta amaierara arte ekin zion garaipena lortu arte (11:29). Bigarren postuko lehian, Donostiarra eta Hondarribia aritu ziren nor baino nor. Ziabogara bitartean, hondarribitarrak aurretik izan ziren, baina azken luzean, donostiarrek aurrea hartzea lortu zuten, eta bi segunduko abantailagaz amaitu zuten. Donostia Arraun Lagunak hasieratik atzean geratu zen, ezin izan zuen bigarren postuko lehian ziren bi traineruengana hurbildu.
Euskal Herriko lehen paladak. Asteburu honetan lehiatuko dituzte Euskal Herriko lehen estropadak; zapatuan Donostian izango dira. Eusko Label Ligan, XIII Bandera Donostiarra Kaiarriba lehiatuko dute, eta Euskotren Ligan, V Bandera Donostiarra Kaiarriba. Domekan, Bizkaira joango dira XXXVII eta IV Bandera Petronor lehiatzeko.