"Norabidea definitzeko unea" dela dio Idurre Bidegurenek
Domekakoak hauteskunde "garrantzitsuak" dira Bidegurenen arabera. Bariku iluntzean, Busturiko Altamira plazan egon zen bermeotarra.
Idurre Bideguren EH Bilduren senatari bermeotarra Busturian egon zen bariku iluntzean. Uztailaren 12koak hauteskunde “garrantzitsuak” direla esan du, “testuinguru berezia bizi dugulako”. Hala, “norabidea definitzeko momentua” dela uste du Bidegurenek.
“Osasun krisi eta krisi sozioekonomiko larria bizi dugu. Krisi honek, hala ere, irakasgai garrantzitsuak eman dizkigu. Ikasteko, baina, onartu behar da txarto egindakoa. Honen eraginez, lehendik izan diitugun ahultasunak eta egiturazko arazoak azaleratu eta nabarmendu egin dira”, esan zuen Bidegurenek Altamirako plazan.
Koronabirusaren krisiak osasun sistema neurtu duela eta zaintzaren garrantzia mahai gainean jarri duela dio bermeotarrak: “Zerbitzu publiko indartsuak edukitzearen garrantzia argi geratu da. Askotan entzun dugu osasun zerbitzu onenetarikoa daukagula Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Baina pandemia honi aurre egiteko orduan, pertsonala, lekua eta babes neurriak falta izan zaizkigu. Langile onenak bai, baina baldintza txarretan. Ez gara egon prestatuta. COVID-19ak biluzik utzi du euskal osasun sistema publikoa”.
Zaharren egoitzen gaiagaz haserre jartzen da Bideguren: “Oinarrizko zerbitzuak publikoak izan behar dira. Enpresak irabaziak maximizatzeko dagoz eta oinarrizko zerbitzu publikoak ezin dira helburu horren menpeko izan”.
Krisi honek, bestalde, herri moduan “zaurgarriak” garela ere erakutsi duela dio: “Berriro ikusi dugu Espainiako Gobernuak ez duela gure autogobernua errespetatzen”.
Krisi sanitarioak ekarritako krisi ekonomikoa ere aipatu zuen Busturiko ekitaldian: “Prekarietatean oinarritutako lan merkatuaren ondorioak jasaten ari gara. Galdutako 10 lanpostutik 8 behin-behineko kontratuak izan dira. Espainia da Europar Batasuneko behin-behinekotasun tasa handiena daukan herrialdea. Gure industria sareak bere berezitasunak dituen arren, prekarietatean Espainiako tendentzia jarraitzen dugu”. Lan merkatuan dagoen egoeraren arrazoi “nagusienetako bat” 2012ko lan erreforma dela dio Bidegurenek, “behin-behinekotasuna bultzatu du, kaleratzeak erraztu ditu, soldatak murriztu ditu eta lan zuzenbidea desegin du”.
Horregatik guztiagatik Madriletik egoerari “buelta emateko” lanean dabiltzala dio, eta Gasteiztik ere horretarako lan egingo dutela nabarmenduta: “Askotan ikusi dugu PSOEk ez duela bere berba beteten. Autonomia estatutoagaz gertatu da eta lan erreformagaz ere gertatzen ari da”.
Bizikidetza eta herri baketsu bat eraikitzeko, bestalde, biktima guztientzako “egia, justizia eta errepazioa” egon behar dela uste du EH Bilduk. Dioenez, koalizioak argi dauzka bere lehentasunak. Beste batzuek, berriz, euren lehentasunak eta egiteko eta erantzuteko moduak zeintzuk diren argi utzi dituztela dio Bidegurenek: “Urkulluk gardentasuna eta kogobernantza eskatu dio Madrileri, baina Madrilen eskatzen duena ez da hemen egiteko gai. Ez gardentasunik ez elkarlanerako espaziorik, ez oposizioarekin ezta sindikatuekin ere ez. Urkulluren estiloa beste bat da: prepotentzia eta despotismoa, auzolanaz hitzegin arren”.
Krisi honetatik ateratzeko “gai” izango garela uste du Bidegurenek. Domekako hauteskundeetan, hala ere, jokoan dago “zelan eta zein norabidetan aterako garen”.
Maddalen Iriarteren ikuspuntu berritzaileak aipatu ditu EH Bilduren senatariak: “Aldaketa momentua da. EH Bilduk lortzen duen babesaren arabera, aldaketa posible da. Herri honek arlo nazionalean eta sozialean aurrera egiteko berme bakarra EH Bildu da. Botu subiranista eta ezkerreko bat bera ere ezin da galdu. EAEn izan genezakeen lehendakari feminista, ezkertiar eta independentista bakarra Maddalen Iriarte da. Maddalen eta bere taldeak ordezkatzen dituzten baloreak eta eredua, ez ditu beste inork ordezkatuko”.
Busturian, bertso poteoa ere egin zuten barikuan.