Laura Cornelius da Lointek Gernika Bizkaiaren hirugarren fitxaketa
Herbereetarrak adierazi du "ohorea" dela Gernika-Lumoko taldean jokatzea: "Azken denboraldian bikain jokatu zuen taldea izan zen eta horregaitik lortu zituzten hain emaitza onak ligan eta EuroCupen".
Laura Corneliusen fitxaketaren berri eman du Gernika KESBek, gaur. 24 urteko eta 1,73m-ko herbeeretarra “antolatzaile posizioa indartzera dator bere gidaritzapen eta puntuei esker”.
Iaz debutatu zuen Emakumezkoen Ligan, Quesos el Pastor Zamarat taldeagaz. Amsterdameko goi errendimenduko zentro batetik irten ondoren Estatu Batuetara egin zuen jauzi bere formakuntzarekin jarraitzeko. NCAAn Miami Hurricansen hiru denboralditan jokatu zuen, urtez urte bere jokoa eta estatistikak hobetzen.
Maila profesionaleko lehen denboraldian, batez beste 8,5 puntu, 3,8 errebote eta 2,3 asistentzia eskuratu zituen, bataz beste jokatutako 29 minutuetan. Antolatzailearen “dohairik nagusiena bere urrutiko jaurtiketa” dela azpimarratu dute klub gernikarraren arduradunek; iazko denboraldian hirukoetan %40,3ko portzentaia lortu zuen. Bestalde, bere herrialdeko selekzioaren harrobiko taldeetan aritu ostean, Herbeeretako Selekzio nagusiarekin jokatu du.
Corneliusek aitortu du, Zamaratekin Malosten jokatu zuenean marea granatearen “zaleen indarrak” harritu zuela eta “berezia” izan zela. Lointek Gernika Bizkaian jokatzea “ohorea” da beretzat. “Azken denboraldian bikain jokatu zuen taldea izan zen eta horregaitik lortu zituzten hain emaitza onak Emakumezkoen Ligan eta EuroCupen”, esan du herbeeretarrak.
Mario Lopez talde gernikarraren entrenatzailea oso pozik dago fitxaketagaz: “Antolatzaile posturako jokalari profil desberdin baten bila genbiltzan Itzirekin batera jokatzeko. Corneliusek jaurtiketa bikaina dauka eta ohi baino tamaina handiagoko antolatzailea da, beraz, aukera asko eskeiniko dizkigu gure jokoan. Gainera, izaera handiko jokalaria da eta hobekuntza asko dauka aurretik Emakumezkoen Ligan debuta egin ostean”.
Fitxaketa honekin talde gernikarrak antolatzaile postua lotuta dauka Itziar Ariztimuñoren kontratu luzapenarekin eta puntualki Roso Buch etorriberriarekin. Lointek Gernika Bizkaiak zortzi jokalari ditu sinatuta 2020/2021 denboraldiari begira: Laura Cornelius, Paula Ginzo, Belén Arrojo, Marta Alberdi, Nogaye Lo, Itziar Ariztimuño, Margaret Roundtree eta Roso Buch.