Azaleko minbiziaren prebentzio kanpaina asteon iritsiko da eskualdera
Eguazten goizean Gernika-Lumon egongo dira, eta arratsaldean, berriz, Bermeon.
Uda honetan, eguzkiarekin jolasik ez lelopean dator aurton azaleko minbiziaren prebentzio kanpaina. 36 udalerritara iritsiko da kanpaina, eta Busturialdean ere egongo da urtero modura. Asteon Gernika-Lumon eta Bermeon egongo dira kontzientziazio kanpainagaz. Eguazten goizean, Gernika-Lumon egongo dira Piccaso kalean, hain zuzen ere. Arratsaldean, berriz, Bermeoko Lameran aurki daiteke.
Azaleko minbizia gero eta gehiago ematen den tumorea dela azaldu dute Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkarteko kideek, eta eragina urtez urte “handitzen” doala diote, kontzientziazio faltagatik, gainera, gehiagora joan daitekeela uste dute. Jakitera eman dutenez, azaleko minbizia “gehien prebenitu” daitekeen tumorea da, eta “pronostiko ona” dauka denboraz hartzen baldin bada.
Eguzki izpien aurrean azala osasuntsu mantentzeko hartu beharreko neurrien azalpenak emango dituzte; eguzkia modu desegokian hartzea baita arriskurik handiena. “Azalak memoria dauka eta eguzkiak eragindako erredurak lesio larriak dira. Sarri ematen baldin badira, epe luzera azaleko minbizian bihur daitezke. Azaleko minbizien %80 saihestea posible litzateke, haurtzarotik babes neurri egokiak hartuko balira. Horregatik, oso garrantzitsua da prebentzioa bai eta diagnostiko goiztiarra”, azaldu dute.