15 urte eta, ondo maitatuz gero, beste hainbeste
Hamabost urte beteko ditu Busturialdeko Hitzak abenduaren 15ean. Urteurren borobila, berezia ere bada, egoerak baldintzatuta. Hala ere, irakurle eta harpidedunak ere urteurren honetan partaide eta protagonista egin gura ditu
Gurea maitatzen, eta gureak maitatzen. Ingurua maitatzen, eta ingurukoak maitatzen. Hizkuntza maitatzen, eta hiztunak maitatzen. Herria maitatzen, eta herritarrak maitatzen. Maitatu, baina ondo maitatu. Alkar zaindu eta elikatu. Alkar lagundu eta babestu.
Maita dezagun ondo leloa daraman kanpaina bultzatzen ari garen honetan beteko ditu Busturialdeko Hitzak 15 urte. 2005. urteko abenduaren 15ean kaleratu zuen egunkariak lehenengo zenbakia. Bermeon egin zuten aurkezpena, eta Busturialdeko euskara hutsezko lehenengo egunkaria zen. Bakarra izaten jarraitzen du. Bakarra eskualdeko herrietako albisteak batzen, bakarra asteko lau egunetan jarraian euskara hutsean argitaratzen.
Hamabost urte. Hamarkada bat eta erdi ezagutu ditu egunkariak. Hasieran astean sei egunetan kaleratzen zen eskualdeko egunkariak, baina, aldaketa nabariak izan ditu bere ibilbidean. Domeketan kaleratzeari utzi behar izan zion lehendabizi, krisi ekonomikoaren eraginez. Ostean, egoera ekonomiko okerragatik, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzarekin bat egin zuen Busturialdeko Hitzak. 2010. urteko azaroaren 5ean kaleratu zuten lehenengo zenbakia, bateratuta. Komunikazio proiektu biek bizirautea zen asmoa, bai Busturialdeko zein Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrei egunero, euskaraz, tokiko informazioa emateko. Informaziorao eskubidea bermatzeko, euskara hutsean.
Bidelagunak. Alabaina, hasieratik, eta prozesu guzti horretan, bidelagunak izan ditu Busturialdeko Hitza proiektuak. Eskualdeko herritar, eraagile eta elkarteek sortutako sarea babes garrantzitsua izan da beti proiektuarentzat. Babesik handiena, harpidedun eta bezeroekin batera. Haiek dira ahotsa, informazio iturri, egunkariaren elikagaia. Eta Hitza da bozgorailua, herritar, elkarte eta eragileentzako eskualderako leihoa. Hamabost urtez izan da, eta izaten jarraitu gura du.
Oraingoan, baina, hamabsogarren urteurrena du Hitzak bidelagunak bereganatzeko arrazoia: irakurleak, hain zuzen. Urteurreneko parte, lekuko eta bidelagun egin gura ditu. Horretarako, lehiaketa bat antolatuko du Busturialdeko Hitzak. Bideo lehiaketa izango da, eta irailean ipiniko du martxan. Maita dezagun ondo. Lelo hori oinarri hartuta, ondo maitatzea zer den adierazi beharko dute parte hartzaileek, gehienez minutu bat iraungo duen bideo laburrean. Hiru bideorik onenek, saria izango dute. Bideorik onenak sei lagunentzako txangoa egingo du, Mutrikuko Flyschean. Euskal Kostaldeko geoparkearen kudeaketarako elkarteak emango du saria, eta irteera geologikoa egiteko aukera izango dute. Hain zuzen, Geoparkeko santutegi geologiko nagusienagaz gozatzeko aukera izango dute. Dinosauroen desagerpenaren eta beste hainbat gertakariren inguruan jakiteko ibilbidea izango da, oinez eta itsasontziz.
Bigarren eta hirugarren saridunek Gernika-Lumoko Obaba, Inurri Gorria eta Berezi liburudendek eta Bermeoko Luma liburudendak emandako bonoak hartuko dituzte.
Orrialde berezia. Lehiaketaren eta urteurrenaren informazioa biltzen duen orrialde berezia prestatu du Busturialdeko Hitzak, eta www.busturialdea.hitza.eus webgunetik sartu daiteke bertara, dagokion bannerrean klik eginda. Albisteak, hemeroteka, lehiaketa eta multimedia atala bilduko ditu orrialde berezi horrek, eta edukiarekin elikatuz joango da. Argazkiak, bideoak, azalak, albisteak… Gaur egungoak eta aspaldikoak. 15 urteen laburpena izan nahi du orrialdeak.