"Argi izan dut beti musika dela egin ahal dudan gauza bakarra"
Hiru urte daramatza Londresen Leire Gotxi abeslari bermeotarrak. Leire moduan ‘What We’ve Got’ singlearen promozioagaz dabil. Uztailaren 31n kaleratuko du, berriz, ‘Box Of Chesterfield’ singlea.
Txikitako zaletasuna bizitzeko modu bihurtu duzu.
Txikitatik gura izan dut abeslaria izan. Pianoa eta gitarra jotzen hasi nintzen, abesten eta abestiak idazten ere bai. Profesionaltasuna bilatzen hasi nintzen, abeslari modura ahalik-eta urrunen heldu gura dudalako. 13 urte nituela idatzi nituen lehenengo abestiak euskaraz, eta 15 urtegaz grabatu nuen lehenengo maketa. Nire aitak jartzen zuen country musikagaz asko inspiratzen nintzen, eta ingelesa ikasten hasi nintzen. Ilusioa nuen ingelesa ikasteko eta ingelesez idazteko. Taylor Swift asko entzuten nuen orduan, eta bata eta bestea batuta hasi nintzen ingelesez abestiak idazten. Euskarazko maketa egin ostean, ingelesez egindako beste bat kaleratu nuen, eta hantik produktore bat jarri zen nirekin harremanetan. Diskografika txiki bategaz kaleratu nuen ingelesez bigarren album bat. Zaletasuna, hortaz, bizitzeko modua bihurtu da niretzat. Argi izan dut beti musika dela egin ahal dudan gauza bakarra. Argi nuen nire lehentasuna musika izango zela, eta ez dago beste aukerarik. Bidea jarraitu dut, hortaz, eta Kaliforniatik ibili ostean, Londresen nago orain, eta horretaz bizi naiz.
Ikasketak ere horretara bideratu dituzu?
Magisteritza musikala ikasi dut, eta azken urtea Kalifornian egin nuen musikan espezializatzeko. Betebehar horiek amaituta, musika konposaketari buruzko master bat egin dut. Uste dut, gainera, ikasten jarraituko dudala, asko dago ikasteko: marketing musikala, ekoizpena…
Abeslari moduan, aldaketak bizi izan dituzu ibilbidean?
Asko ikasi dut. Gazteagoa nintzenean ahots gozoagoa neukan, urteekin helduago bihurtu dena. Gaur egun, nire ahotsa gozoa izan daiteke, baina baita ere urratua. Gehiago kontrolatzen dut. Baina abeslari modura ez dut aldaketarik eduki, beti izan naiz ni naizena. Ez naiz inoiz talde bategaz egon, argi izan dut beti neure proiektua zein izango den, pertsonala eta nire abestiekin bakarlari moduan.
LeAnn Wilde izenaren atzean disko bat ere baduzu kalean.
Produktorea ezagutu ondoren, diskografikagaz atera nuen Little Stronger diskorako izen artistikoa izan zen, bai. Gauzak, hala ere, ez ziren ondo atera, eta arazoak eduki nituen diskografika horregaz. Disko hori kaleratu ostean, apur bat ezkutatuta geratu nintzen. Kontratu bat zegoen tartean, eta bete beharra eduki dut. Orain, libre nago, eta galdu ditudan urte hauek guztiak berreskuratu gura ditut.
Leire moduan bueltatu zara.
LeAnn Wilde izen artistikoa merkatu ingelesean sartzeko saiakera izan zen; ingelesez abestuta beste merkatu batean sartzeko aukera zela uste nuen. Ez zen ondo atera. Gaztea nintzen, eta hori egin gura izan nuen. Gaur egun, uste dut beherrazkoa dela autentikoa izatea eta norberaren izenagaz aurretik joan behar dela. Leire Gotxi, Londresen bizita, zaila da esateko eta oroitzeko. Han Leirerik ez dagoenez, eta bakarra ezagutzen dutenez, Leire modura bueltatzea erabaki dut.
Londresen aukera gehiago egon badaude, baina jende gehiago ere badago.
Bermeo utzi eta Londresera joan zinen. Erabakia hartzea zaila ala erraza izan zen?
Ez zen erabaki zaila izan. Arinago Kalifornian egon nintzen, baina familiatik hurbilago egon gura nuen.
Aukera gehiago al daude Londresen?
Londresen aukera gehiago egon badaude, baina jende gehiago ere badago. Zaila da, gauzak argi eduki behar dituzu, eta indar handia behar da. Askotan esaten dute Londres edo New York moduko lekuetara indar handiagaz ez bazoaz, zapaldu edo jan egiten zaituztela. Hasieran apur bat galduta ibili nintzen; beste kultura bat da, eta ez dauka zerikusirik hemengoagaz, eta berriro hastea da. Hirugarren urtea egingo dut Londresen, eta denboragaz, nire estiloko jendea ezagutzen joan naiz. Aukera gehiago badaude, baina bilatu egin behar dira, ez datoz zuregana. Leku batetik bestera egon behar zara, jendeagaz berbetan… eta hori gogorra ere bada. Hala ere, sakrifizio hori egin behar da.
Londresen, kalean abesten duzu.
Bai, Londresen araututa dago kalean abestea; leku batzuetan baimena behar da, eta beste batzuetan ez; arauak ere badaude. Kalean jotzen dugunok arauak errespetatzen ditugu, eta oso ondo joaten da. Egia esan ez dut imajinatzen hau baino lan hobeagorik, asko gustatzen zait. Egun txarrak ere egoten dira, baina lan guztietan dauden moduan. Etorkizunera begira, ez dut nire burua kalean abesten ikusten, baina, oraingoz ondo datorkit. Kalean abestea positiboa da, batez ere, Londresen. Alde batetik, abeslari modura, egunero abestu behar da, ahotsa entrenatzeko eta egunez egun maila emateko. Bestetik, lan ordu gutxiago dira, zerrenda bat dago, eta bete egin behar da. Egunean, gutxi gorabehera bi edo hiru ordu abesten ditugu leku zentraletan. Promozioa ere bada, eta doan, gainera. Sare sozialetan jarri eta jendeak jarraitu egiten zaitu, mezuak eta bideoak bidaltzen dizkizute. Askotan, argazkilariak ere ibiltzen dira, eta argazkiak doan edukitzea ere oso ona da, nik neuk sare sozialetan erabiltzeko.
Gizartearen arazoez kezkatuta, horren inguruan asko idazten dut orain
Abestiak idazterakoan, batez ere, ingelesa erabiltzen duzu. Horrela ateratzen al zaizu? Euskara eta gaztelania ere ondo menperatzen dituzu.
Ez dut hizkuntzarik alboratzen. Azken urteetan entzun dudan musika ingelesez izan da, eta entzuten dituzun artistak edo musika hartzen dituzu erreferentetzat. Ez da nahita egiten den gauza bat, idazten ditudan abestiak nire buruan daude. Orduan, abestia idazterakoan uste dut entzundako musikaren nahasketa bat ateratzen dela. Nik musika gehiena ingelesez entzuten dudanez, modu horretara ateratzen zait. Baina euskaraz eta gaztelaniaz ere idatzi izan ditut abestiak. Buruan daukat denboraldi bat ematea gaztelaniaz musika egiten duten artistak entzuten egotea, eta gero saiatuko naiz gaztelaniazko abestiak idazten, eta berdin euskaragaz ere. Egia esan, eroso sentitzen naiz ingelesez idazten, beharbada, askatasun gehiago ematen didalako izan daiteke.
Zer kontatzen dute zure letrek? Zein musika mota egitea gustatzen zaio Leireri?
Gazteagotan, abesti erromantikoak idazten nituen, urteekin mota horretakoak gutxitzen joan dira. Heldutasuna hartu dut, eta eskertzen da, apur bat nekatu egiten dutelako mota horretakoek. Londresera iritsi nintzenean, beste modu batera idazten hasi nintzen, hemen gehiago ere idazten dut eta. Gizartearen arazoez kezkatuta, horren inguruan asko idazten dut orain: antsietatea, sare sozialen eragina, planetaren ingurumen arazoak, drogak, feminismoa… Abesti asko ditut esku artean. Horren inguruan joango da dagoeneko bideratuta daukadan proiektua.
Zerk inspiratzen zaitu?
Inspirazioa batzuetan bakarrik dator, beste batzuetan, bilatu egin behar da. Inspirazioa bilatzeko filmak ikusten ditut, kontzertuetara joaten naiz, libururen bat irakurtzen dut, museoren bat bisitatzen dut, lagunekin joaten naiz edo lekuren batera bakarrik joaten naiz. Munduan zer gertatzen den jakiteak eta bidegabekeriez irakurtzeak ere asko inspiratzen nau.
Arratsalde batean idatzitako abestia izan zen What We’ve Got. Hasieran ez neukan horregaz ezer egitea pentsatuta, baina gerora, iritziz aldatu nuen.
Konfinamendua Bermeon igaro zenuen. Zergatik erabaki zenuen hona etortzea?
Londrestik etxera etorri nintzenean, han oraindik ez zen ezer esaten, baina hemengo egoera ikusita, bueltatzea erabaki nuen. Seguruago sentitzen nintzen, ezer gertatuz gero, gainera, etxean hobeto zainduta egongo nintzen. Zortea eduki nuen, lagun batzuek ezin izan zuten bueltatu, hegaldiak bertan behera geratu zirelako.
Etxean geundela, abesti bat kaleratu zenuen, eta familia eta lagunek bidalitako irudiekin osatu zenuen bideo bat.
Arratsalde batean idatzitako abestia izan zen What We’ve Got. Hasieran ez neukan horregaz ezer egitea pentsatuta, baina gerora, iritziz aldatu nuen. Produktoreari bidali nion, eta pare bat astean prest izan genuen. Bideoaren ideia mota horretako beste bideo batzuk ikusita etorri zen. Ingurukoekin harremanetan jarri nintzen bideoak bidaltzeko eta ordenagailuan nituen argazki eta bideo zaharrekin osatu nuen. Jendea prest egon zen, bideo asko jaso nituen, eta bideo polita geratu zen.
Zelan daramate Londresen koronabirusaren gaia?
Londresen oso lasai dabiltza. Ez dute bizi izan guk bizi izan duguna. Ez da egon benetako konfinamendurik, kalera atera ahal zen, ez zegoen isunik. Londres erdigunea hutsik zegoen, baina turistarik ez zegoelako.
Nik nire proiektua daukat, eta momentu honetan sentitzen dut hau dela egin behar dudana.
Zeintzuk proiektu dauzkazu buruan? Oraingoak, epe laburrera, luzera…?
Konfinamenduan, apirilean sortutako What We’ve Got abestiaren promozioagaz nabil; mundu guztiak bizi izan duen egoerari buruzko pop abesti positiboa da. Leire izenaren atzean, produktore berriagaz atera dududan lehenengo abestia izan da. Orain, uztailaren 31n aterakoda hurrengo singlea: Box Of Chesterfield. Antsietari buruzko abestia da. Pare bat hilabete barru kaleratuko dut beste single bat, eta ondoren beste bat ere etorriko da. Honegaz guztiagaz lotuta EP bat kaleratuko dut, baina oraindik ezin dut horren izenik aurreratu.
Londresen jarraitzeko asmoa daukazu, ala bueltatuko zara?
Londresen geratuko naiz, oraindik gauza asko dauzkat egiteko. Asko bueltatzen naiz, eta hemengo jende askogaz lan ere egiten dut. Adibidez, hurrengo singlearentzako bideo bat grabatuko dut euskaldunekin. Pozik eta gogotsu nabil hori egiteko. Epe luzera, gaztelaniazko abestiren bat kaleratzea daukat buruan, eta Leire Gotxi moduan, euskaraz ere abestiren bat edo beste kaleratu gurako nuke. Ez dut uste aktiboki horretan ibiliko naizenik, baina errepertorioren bat edukitzea bai gustatuko litzaidake, nire sustraiak baitira. Hala eta guztiz ere, nik nire proiektua daukat, eta momentu honetan sentitzen dut hau dela egin behar dudana.