"Apurka-apurka gure lekua egiten ari gara; pausoak ondo eman behar dira"
Gaur estreinatuko den Plazandreak telebista saioan eta txapelketan ikusiko dugu Olatz Arrizabalaga (Gernika-Lumo, 1997). Emakume Master Cuparen finalaren arantza kentzea espero du erronka berrian.
Domekako finalan zelako sentsazioak eduki zenituen?
Egun arraroa izan zen. Oso ondo entrenatzen egon gara, baina, azkenean partidu falta igarri zela uste dut. Ia lau hile dira zuriz jantzi barik, eta nahiz eta entrenamendu onak egin, ez da berdina kantxan sartzea zuriz jantzita. Sentsazioak ez dira berdinak. Joko aldetik freskoago igartzen ginen, baina normalean astero partiduak jokatzen egonda, trote eta konfiantza hori daukazu. Denentzat izan da berdina, baina guk agian txarrago eroan genuen hori.
Izan ere, COVID-19ak geratu zuen txapelketa. %100 bueltatu zara kantxara?
Joko aldetik, entrenamenduetan behintzat hobeto eta guzti ikusten nintzen. Baina, azkenean ez dakizu zelan bueltatuko zaren frontoira heldu arte. Nire burua fisikoki ondo ikusi dut. Konfinamenduan etxean entrenatzen egon naiz, baina egia da hiru hilabete eskuak ikutu barik egotea eskuetan igartzen dela, bigundu egiten dira. Apurka-apurka egokitu behar zara, ezin zara segituan hasi pilotarekin topera. Prozesu hori nahiko ondo eraman dut, baina egia da, azken momentuan, benetan egin behar izan denean, ez dela igarri atzetik egon den lan guzti hori. Horrek pena apur bat eman dit.
Gainera, finalak halakoak dira, edozer gerta liteke.
Hori da, finala da, eta ez dakizu zer pasatuko den. Ondo egonda eta martxoaren 28an jokatuta ere, berdina pasatu ahalko zen. Ezin gara horregaz geratu eta aurrera segitu behar dugu.
Finalean Aldairi pilotak botatzea izan zen euren estrategia. Horrek zelan eragin zizun?
Batez ere lehen bost tantoetan nik apenas ikutu nuen pilota. Uste dut euren taktika hori izan zela, atzera kargatzea. Pilotarik jotzen ez duzula ikusteak, konfiantzan ere eragiten du, eta agian, ez nion behar zen beste lagundu bikoteari. Eurek euren lana oso ondo egin zuten; ezin zaie meriturik kendu. Olatz atzelariak berebiziko partidua egin zuen, eta horren kontra gauza gutxi egin ahal zen. Baina, gehiago egin ahal genuela argi dago.
Orokorrean txapelketan egindako lanagaz gustura geratu zarela adierazi duzu.
Txapelketa oso ona egin dugu; finala ez da horren isla. Urtarrilean erabaki genuen pilota mistora saltoa ematea. Neba da entrenatzailea, eta berak animatu ginduen. Pilota goxuatik mistorako egokitzapen hori ondo eginez gero, edozein neskak jolastu ahal du. Eskuak zaindu eta gehiago entrenatu behar da. Uste dut Gentzanek eta neuk hor lan asko egin dugula. Partiduak jokatu ahala, gero eta hobeto jokatzen eta irabazten joan gara. Orokorrean, pozik egoteko txapelketa egin dugu. Final zortzirenetan hasi ginen bi gaztetxoren kontra. Pilota mistoko gure lehen partidu horrek ez dauka zerikusirik finalaurrekoagaz. Oso urduri hasi ginen. Final-laurdenetan Mirian Arrillaga buruz buruko txapeldunaren kontra esperantza askorik ez geneukan, eta nahiko ondo irabazi genuen. Finalaurrekoan Amaia Aldai eta Arrate Bergararen kontra partidu oso ona egin genuen.
Aldaigaz askotan jokatu duzu, baina halako txapelketa batean zelan elkar hartu duzue?
Talde berean gaude eta Gernikan eta Gautegiz Arteagan entrenatzen egon gara elkarregaz. Lagun handia da. Iaz ez genuen partidu bat ere irabazi alkarregaz, eta esan genuen ‘ea 2020a gure urtea den’. Aukera polita zen hau txapelketa irabazteko edo behintzat txapelketa ona egiteko.
“Belaunaldi aldaketa egon behar da; atzetik ez badator inor, pilota ez doa inora”
ETBk “gizonezkoen ordutegian” zuzenean eskaini zituen finalak. Beste pauso bat eman dela uste al duzu?
Guretzat kristoren aukera eta ohorea izan da. Ikusten da ETBk guganako apustua egiten duela, eta guk ere demostratzen dugula. Uste dut erakusten gabiltzala badaukagula lekua; ea jarraitzen dugun. Lehen urtean boom hori izan zen; komunikabideetan oihartzuna lortu genuen. Ematen zuen zerbait berria zelako kasu egiten zigutela. Lau urte goaz, eta oraindino komunikabideetan eta leku guztietan gure partiduak agertzea seinale ona da. Jendea interesatuta dagoelako eta guk erakusten dugulako da. Nesketan txip aldaketa bat ikusi da. Hasieran ez zen hain serio hartzen, eta orain, adibidez, nik pala utzi dut eta pilotan zentratu naiz bakarrik. Pilota seriotasun hori hartzen doa; berdintasun edo normaltasun horretarantz doa. Apurka lanak egiten eta gure lekua egiten gabiltza. Pausoak ondo eman behar dira.
Komunikabide publikoa izanda, berdintasuna lortzeko lanean, EITBk ere badauka bere erantzukizuna.
Erantzukizuna eduki behar du, eta uste dut horretara doazela. Horren adibide da udako txapelketa, astero nesken partidu bat egotea. Orain arte ez dugu halakorik eduki. Oraindik ezin dugu lehiatu gizonezkoen mailan. Pauso asko ditugu emateko eta pila bat gauza hobetzeko. Pilota ere normalizatu behar dugu, pilota agian ez da onena eta ikuskizunean hobetu genezake. ETB badabil lan egiten eta guri laguntzen, eta horri esker ikusten du jendeak neskak ere hor gabiltzala, eta gauza asko lortu ditugu. Esan ziguten Master Cupeko finaletan audientzia datu oso onak egiten dituztela. Helburua ikusgaitasuna ematea da, ahalik eta jende gehienak ikustea, eta batez ere atzetik datozen umeek ikustea horra heldu ahal direla.
Erreferenteak erakustea garrantzitsua da, beraz.
Domekan ere ikusi zen, lehen partiduan 13 urteko ume bat heldu zen finalera. Hor dago egon behar den aldaketa, atzetik neska pilotari gehiago etortzea. Bai, goikoak ondo egon behar gara, irabazi egin behar dugu, telebistan agertu… Baina atzetik ez badator inor, pilota ez doa inora. Master Cuparen helburua ere bada, eta orain ikusi da batez ere, belaunaldi aldaketa bat egon behar dela. Ezin gara egon beti berdinak goian. Ikusi da atzetik datozela, hor badagoela aldaketa, eta hori polita da. Behetik sortu behar da. Oraindik lan asko dago egiteko. Atzetik gehiago sustatu behar da. Egia da azken urteotan gero eta neska gehiago ikusi direla. Baina klubek edo federazioak zerbait egin beharko dute. Herrietan kirol asko daude aukeran eta neskak pilotara joateko zer egin behar den jakitea gaitza da. Ez dakit zelan bultzatu litekeen, baina, adibidez, komunikabideetan agertzea bultzada handi bat izan liteke. Lan egin behar da, eta ea beste belaunaldi bat datorren.
Orain erronka berria daukazu esku artean: Plazandreak.
Abuztu erdira arte partiduak jokatzen egongo gara, nik hamabostero. Hiruko taldeak osatu ditugu. Nora Mendizabal eta Irantzu Etxebestegaz nago eta entrenatzailea Reyes Azkoitia da. Reyes beti ikusiko duzu frontoian. Pilotaz asko daki. Gure partidu asko ikusi ditu eta ezagutzen gaitu. Talde bakoitzak hiru partidu jokatu behar ditu: bi buruz buruko eta binakako bat.
Zein da zure helburua?
Domekako arantza hori kentzera joango naiz. Gainera, lehen partida Olatz Ruiz de Larremendiren kontra daukat. Uste dut gure taldean bi aurrelari on gaudela eta atzelari oso ona. Gerra eman, eta ahal bada irabazteko moduko taldea osatu dugu. Master Cup prestatzen egon gara eta amaitu eta segituan hau hasten denez, denbora askorik ez dugu eduki. Lehen partidua proba edo esperimentu modukoa izango da.
Eta bestetik, herrietako jairik barik, zelan daukazue udako agenda?
COVIDa agertu aurretik, bagenituen partiduak, baina denak bertan behera geratu dira. Behintzat Plazandreak txapelketagaz nahiko beteta daukagu uda, eta uste dut soltean partidu batzuk aterako direla; udal batzuk ausartuko direla uste dut.
Neba da zure entrenatzailea. Elkar hain ondo ezagutzea abantaila al da?
Oso ondo datorkit beragaz entrenatzea. Unaik badaki noiz nagoen zentratu barik edota urduri eta zer egin behar dudan. Lar ondo ezagutzen nau, baina onerako da hori. Bera nahiko lasaia da eta ni partiduetan odol berokoa naiz. Badaki ni lasaitzen, eta pilotari buruz pila bat daki. Hari kasu egiterakoan, gauzak lortzen direla badakit. Kasu egin behar dela ikasi dut; kasu egin diodanetan gauzak ondo irten dira. Entrenamenduetan gugaz pasientzia asko dauka. Pilota mistoagaz hastea ia-ia pilotan zerotik hastea zen, eta ordu asko sartu zituen guri erakusten. Zerotik erakutsi digu berriro pilotan. Gentzanek eta biok berari eskertzeko asko daukagu, eta beragatik egon gara finalean.
Janire arreba txikia ere pilotan ari da.
Unai eta biok oso lehiakorrak gara, beti gura dugu irabazi. Janirek ondo pasatzea lehenesten du. Hori bai, burugogorra da, eta orain dabilen moduan pilota mistoagaz entrenatu behar badu, egingo du, eta ondo egingo du. Alkarri laguntzen diogu. Unaiegaz entrenatzen aritzen da bera ere. Batez ere palan dabil asko, eta atzelari oso ona da; biak uztartzen ditu. Entrenatzen segitzen badu, agian, egunen batean biok egongo gara Master Cupeko finalean. Polita izango litzateke.