Ereñozarreko altxor ezkutuak
2008-2012 bitartean Ereñozarren egindako indusketen emaitza bildu dute liburu batean. Esaterako, herriko hilerria bertan egon zen, eta "150 gizabanako baino gehiago" aurkitu zituzten.
Ereñozar (447m) ezaguna da eskualdean, baina haren historia ezezaguna da askorentzat. Urdaibaiko hainbat txokotan egin modura, arkeologia indusketei esker, informazio oparoa dauka orain Ereñok.
Mikel Neira Zubieta arkeoloko bizkaitarrak azaldu duenez, XIV. mendeko gaztelu baten dokumentazio apur bat eta ahozko transmisioatik jasotakoaren berri zeuktan. Baina ez zekiten aztarnategian zer zegoen eta ze baldintzatan egongo zen. 2008an sortu zen proiektua, baina aurretik, doktoretza tesian Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Erdi Aroko gazteluak landu gura zituen: “2006an EHUko arkitekturako arkeologia ikerketa taldetik erkidegoko gazteluei buruzko katalogoa egin genuen. Bizkaitarra naizenez, Bizkaiko gazteluetan esku hartu nahi nuen, eta Ereñozarreko indusketa planteatu genuen. 2008an sortu zen proiektua”.
2008ko balorazio-kanpainan zundaketak egin zituzten tontorraren lur azpiaren egoera ikusteko, eta “ezusteko pozgarria” hartu zuten, hiru zundaketa txikitatik ehorzketak eta Erdi Aroko gazteluaren harresiaren parte bat identifikatu zituztelako. 2009an aldunditik ikerketarako zeuden laguntzak jaso, eta Jaurlaritzaren nazioarteko auzolandegien laguntzagaz, “tontorraren sekuentzia historikoa” ateratzen segitu zuten: gaztelua, nekropolia eta egungo ermita.
2009an “emaitza interesgarriak” lortu ostean, 2010ean “estrategia bera planteatu” zutela dio Neirak: “Aldundiaren eta Jaurlaritzaren laguntzagaz, auzolandegia egin genuen. Pare bat hilabetez egon ginen bertan, eta ermita barruan eta tontorraren beste parte batean egin genituen indusketak”. Gero, aldundiaren bi kanpainaren bidez indusketa amaitzeko hitzarmena egin zuten. 2012an amaitu zuten kanpaina: “Tontor dena hondeatu genuen, ermitaren ataria eta goiko partea izan ezik. Azterketa arkeologikoaz gain, aldundiagaz egindako azken hitzarmen horretan, EHUren Eusko-ik fundazioaren bidez, jakintza-alorretako azterketak ere egin genituen”.
Aurkikuntzak
1.000. urte aldera eraikitako gaztelu baten egiturak topatu zituzten. 1.050-1.070 bitartean gaztelua handitu zuten, eta 1.200-1.250 urte bitartean erabili zuten. “Abandonatu ostean, Ereñoko parrokia zaharra instalatu zuten, eta XVI. mendera arte biztanleen kanposantua izandakoaren aztarnak ere aurkitu genituen. XVI. mendean parrokia eta kanposantua abandonatu zituzten, eta Elezalde auzoan dagoen eliza eraiki zuten”.
XI. mendean, nork, noiz eta zergatik eraiki zuen gaztelua? “1.000. urte aldera feudalizazioaren erreminta guztiak eratzen ari ziren. Nekazarien lurrak eta ondasunak bereganatzen ari ziren tokiko eliteak. Ereñozarreko proiektua oso handia da, inbertsio garrantzitsua eskatzen zuena. Kontuan hartu behar da, lehenengo ‘gaztelu txiki bat’ sortu zutela, eta gero, denbora gutxian zabaldu egin zutela, harresi handiagoagaz eta beste hainbat errekurtsogaz. Ondorioztatu dugu 1.050. urte aldera Bizkaiko Jauna egongo zela horren atzean; lurraldean interes partikularrak zituen. Koakzio-markatzaile moduan leku egokia zen, nekazariekiko nagusitasuna adierazteko. Horregatik, tokiko agintariek sortutakoa izan arren, azken jabea Bizkaiko Jauna izango zen”.
Gaztelua harresiz inguratuta zegoen, eta bi fase bereiztu zituzten, “eremua handitu egin zutelako XI. mendearen erdialdera”. Neirak azaldu duenez, tontorraren goiko aldean, gazteluagaz lotutako bigarren mailako egiturak zeuden, tailer txikiak etab.
Nekropolian ehorzketak nabarmentzen dira, “150 gizabanako baino gehiago” topatu zituzten, eta baita animalien hezur asko ere: “Animalien hondakindegiak ziren. Horri esker, gazteluan jaten zutenari buruzko azterketa egin ahal izan genuen”.
Liburuak jasotzen duen ikerketa historikoa hainbat azterketagaz osatu dute. Aldundiaren Kobie aldizkarian ere ikerketaren artikulua argitaratu zuten, eta liburua iazko Durangoko Azokarako. Martxoan Ereñon aurkezteko asmoa zeukaten arren, osasun krisiagatik ezinezkoa izan zen ekitaldia egitea. “Herrikoen aurrean aurkezteko gogoa daukat, eta ahal dugunean egingo dugu. Ikerketa historikoaz eta zientifikoaz haratago, ikerketaren alde positiboetako bat parte soziala izan da. Hainbat kanpainetan, auzolandegiak eduki genituen eta parte hartu zutenek herriko frontoian lo egiten zuten. Alkatea eta herritarrak proiektuaren gainean egon ziren. Herriagaz eskutik joan gara; herritarrak ere ikerketaren parte izan daitezen saiatu gara”.
Indusketa arkeologikoaren aurretik zeukaten informazioa jaso dute: gizon batek aurkitutako txanpon bat, bertan agertutako zeramikak, ermitari buruzko elezaharrak, bibliografia-berrikusketak… Inguruneari buruzko azterketa ere sartu dute. Ingurune fisikoa eta geologikoa Laura Damas EHUko geologoagaz aztertu zuten. Beste kapitulu batean, sekuentzia historikoa ere bildu dute; gazteluen ikerketen historia egin dute, “aurkitutakoaren deskripzioagaz”.
Txanponei eskainitako atala era badauka. Iñaki San Vicente Oviedoko unibertsitateko irakasleak egindako azterketa numismatikoa jaso dute. 200 txanpon baino gehiago agertu ziren. Halaber, gezi-punten, armamentuen, ehortzitakoen jantzien, altzarien… txostena ere bildu dute, eta baita errestaurazio azterketa ere.
Aranzadiko Pako Etxeberriak, Lourdes Erraztik eta Naiara Argotek egindako ehorzketen azterketa antropologikoa ere jaso dute, eta baita Pedro Castaños eta Jone Castañosek egindako faunaren azterketa ere.
Horrez gain, indusketari buruzko interpretazioagaz lotutako bi artikulu daude. Batean, Erdi Aroko gazteluei buruz azken urteetan sortu den eztabaidari aurkikuntza honek ze ekarpen egiten dion hausnartu dute. Bestean, berriz, aurretik gaztelua izandako lekuan, XII. mendeko Ereñoko baserritarrek ze erabilera ematen zioten parrokiari jaso dute. “Elementu oso garrantzitsua zen, euren senitartekoak han ehorzten zituztelako, eta kontrakotasun hori oso garrantzitsua iruditu zitzaigun. Gaztelua indarkeria, hetsarpenaren elementu eta nekazarien gaineko kontrolaren sinbolo modura, eta hori abandonatu zutenean ereñarrek leku garrantzitsuenetako bat modura erabili zuten”. Gainera, halako altueran eta heltzeko hain errazak ez diren parrokien adibide gutxi daudela azpimarratu du Neirak. Eta bitxikeria modura azaldu du hilobi askok inguruko mendietatik ekarritako piezekin osatutako tapa monolitikoak zituztela.
Urdaibai garai hartan zelan zegoen ere jaso dute. Gaztelu eta parrokia modura Ereño mugarria izan zela dio Neirak, eta “elementu garrantzitsu honegaz Urdaibaiko historia eguneratu” dutela: “Ereñok elementu historiko eta arkeologiko modura inguru guztiari ematen dio erreferentzia. Paisaia-azterketa ere bada, ez soilik Ereñokoa”.