Drogen trafikoa eta kontsumoa murrizteko lankidetza hitzarmena sinatu dute Udaltzaingoak eta Ertzaintzak
Hitzarmenak Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko Unitatearen azpiegiturak erabiltzea erraztuko du, Bermeoko Udaltzaingoak atzematen dituen legez kanpoko sustantziak aztertzeko.
Bermeoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak lankidetza hitzarmena sinatu dute, udalerrian drogen trafikoa eta kontsumoa murrizteko helburuagaz.
Bermeoko Udaletik jakitera eman dutenez, hitzarmenak Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko Unitatearen azpiegiturak erabiltzea erraztuko du, Bermeoko Udaltzaingoak atzematen dituen legez kanpoko sustantziak aztertzeko. Hala, polizia gorputzen arteko elkarlana sustatuko da eta izapideak ere arinduko dira.
Bermeoko Udaltzaingoak atzemandako droga toxikoak, sorgorgarriak eta substantzia psikotropikoak aztertu, gorde eta suntsitu beharko ditu. “Iraganean, Bermeoko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarlan hau egin izan dute, baina akordio honek fenomeno horren aurka borrokatzeko eskumenak dituzten administrazioen arteko koordinazio eta lankidetzako antolamendu formulak batuko ditu, prozesua arinduz”, azaldu dute udal arduradunek.
Drogen kontsumoa gizartearen arazo bat dela kontziente izanik, aipatu arazoa murriztea da Bermeoko udal gobernuaren helburu estrategikoetako bat. Hortaz, orain emandako pausu honi esker, helburu horretan aurrera egin ahal izango dela uste dute.
Gainera, Bermeoko Udaletik gogorarazi gura izan dute sustantzia psikotropikoak gainean izatea legez kanpokoa dela, eta isunak 601 eta 10.400 euro bitartekoak izan daitezkeela.