Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak "aldaketaren aldeko kontratua" aurkeztu du Gernikan
Batzarretxean egindako ekitaldian, "Euskadiren aldeko kontratua" aurkeztu du: "Gobernu aurrerakoi, feminista eta ekologista eratzeko konpromisoa".
Aldaketaren aldeko kontratua sinatzeko bildu zen atzo arratsaldean Gernikako arbolaren aurrean Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen lehendakarigaia: “Batzen gaituena banatzen gaituena baino askoz gehiago delako, Euskadin ere gobernu aurrerakoia osa daiteke. Zergatik ez konprometitu euskal herritarrek beraien bizitzaren alderdi guztietan egunero egiten duten modu berean?”. Hala, Elkarrekin Podemos-IUk “Euskadi aurrerakoi eta feminista bat” aurrera eramateko konpromisoa hartu du, kohesio eta babes soziala, jasangarritasuna, eskubideak finkatzea, berezko kultura eta politika zintzoa izango dituztela ardatz zehaztu zuen.
Esan zuenez, gobernu berriaren agintaldiaren lehen 100 egunetan honako hauek adosten laguntzeko konpromisoa hartzen dute: adinekoen egoitzen kudeaketa publikoa eta azpikontratatu gabea egiteko, euskal sistema soziosanitarioaren barruan eta bertako langile guztiak langile publikoen erregimenarekin parekatzea, Fracking-a eta erregai fosilak betiko debekatzeko, krisi klimatikoaren aurrean benetan eraginkorra izango den lege handi baten esparruan eta legealdi berrian ustelkeriaren aurkako fiskaltzaren sorrera bultzatzeko.
Halaber, Elkarrekin Podemos-IU koalizioak beregain hartu ditu honako konpromiso hauek ere: aldez aurretik hautagaien lehentasunak ezagutarazteko, gehiengo sozialaren interesak beti lehenesteko, planeta beti zaintzeko, etorkizuneko belaunaldien eskubideak bermatzeko eta genero ikuspegia aplikatzeko gobernu-ekintza guztietan.
Beste behin, PSE eta EH Bildurengana zuzendu zen Gorrotxategi, gobernu aurrerakoia osatuz, lehenengoz emakume bat lehendakari izateko: “Konpromisoa hartzen dugu baita gobernu horretarako behar diren bazkideen artean bozkatuena banaiz ere ez ditudala inoiz lehenetsiko eskakizun pertsonalak herritarren mandatuaren gainetik eta adostasuneko hautagai bat bilatzearen gainetik. Konpromisoa hartzen dugu baita ere alderdi sozialistarekin eta EH Bildurekin adostasuneko gobernu programa bat negoziatzeko. Hiru alderdion arteko programa, kointzidentzia garrantzitsuetan oinarrituta artikulatu daiteke”.