Gaztelugatxeko San Juan bisitariak hartzen hasi da, edukiera mugatuagaz
Aldundiak emandako datuen arabera, atzora arte 8.155 erreserba zeuden eginda. Egunean 960 pertsonak bisitatu dezakete biotopoa, eta norabide bakarreko ibilbidea ezarri dute.
Koronabirusagatik zarratuta egon ostean, Gaztelugatxeko San Juan bisitariak hartzen hasi da gaur. Egunean 960 pertsonak bisitatu ahalko dute Bermeoko biotopo babestua, osasun arloko agintariek ezarri dituzten baldintzak bete aldera.
Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera, atzo arte 8.155 erreserba zeuden eginda. Erreserba gehien dituzten egunak uztailaren 4a eta 5a dira; 645 eta 467 pertsona, hurrenez hurren. Erreserba gutxien dituzten egunak, berriz, abuztuaren 2a eta 15a dira (81 eta 45 pertsona, hurrenez hurren).
Aldundiak, gainera, norabide bakarreko ibilbide bat ere ezarri du. Hala, bisitariak Urizarretatik sartu beharko dira eta Ermutik irten, osasun agintariek COVID-19aren hedapena geldiarazteko ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko.
Berritasun modura, bisitariek helduentzako eta umeentzako autogidak erabil ditzakete. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez argitaratu dituzte, toki horretara egindako bisiten “esperientzia hobetzeko” eta bertako historiari, natur ondareari eta haregaz lotutako tradizioei buruzko xehetasunak ezagutarazteko.
Ekologistak martxanek, bandera beltza. Ekologistak Martxan taldeak Bandera Beltzak 2020 txostena aurkeztu zuen herenegun; kutsaduragatik eta kudeaketa txarragatik bandera beltzak ematen dizkie kostaldeko hainbat lekuri.
Bandera horietako bat jaso du Gaztelugatxeko San Juan inguruan Bizkaiko Foru Aldundiak egin gura zuen aparkalekuak. Urizarretan egin gura zuten proiektua txostena aurkeztu baino egun batzuk lehenago geldiarazi zuten arren, Ekologistak Martxan taldeak bandera beltza mantentzea erabaki du, “salaketaren adibide modura”. Kudeaketa txarreko Bandera Beltza jaso du, hortaz, Gaztelugatxe inguruan egin gura zuten aparkalekuak.
Gaztelugatxeko aparkalekuagaz batera, Donostiako Santa Klara uharteko obrek, Pasai Donibaneren saneamendu ezak eta Plentziako pantalanak jaso dituzte bandera beltzak.