Gazte Lokalean bozkatuko dute sukarrietarrek
Orain arte, udaletxean bozkatzen zuten. Aurten, baina, udaletxe barruan jende pilaketak eta ilarak saihesteko hartu dute erabakia.
Sukarrietako Udaletik jakitera eman dutenez, uztailaren 12an izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako bozkalekua aldatu dute. Orain arte udaletxera hurbiltzen ziren sukarrietarrak bozka ematera, aurten, berriz Gazte Lokalera joan beharko dute.
Sukarrietako herritarren segurtasuna bermatzeko neurria dela azaldu dute udal arduradunek: “COVID-19aren osasun krisialdiari aurre egiteko, udaletxe barruan jende pilaketak eta ilarak saihestu gura dira, bai eta igogailuaren erabilera ekidin ere”.
Distantzia, garbitasuna eta segurtasunari buruzko neurriez gain, Gazte Lokalera sartzeko itxaronaldia kalean egin beharko dela azaldu dute, hau da, Ander deuna enparantzan.