Ereñoko Arte eta Natura Behatokira bisita gidatuak egingo dituzte uztailean
Uztaileko bariku arratsaldeetan izango dira, eta derrigorrezkoa da aurretiaz izena ematea.
Iaz maiatzaren amaieran inauguratu zuten Ereño Arte eta Natura Behatokira bisita gidatuak egingo dituzte uztaileko barikuetan [uztailak 3, 10, 17, 24 eta 31], doan. 19:00etan Ereñoko udaletxe aurrean hasiko dituzte bisitak.
Partaide kopuruak mugatuta daude, eta derrigorrezkoa da aldez aurretik izena ematea 605 756 172 telefono zenbakira deituta edo sarean.
Sormenaren harrobiak. Gerandape eta Geranda Erdikoa harrobiak arte garaikidez bete zituzten Rober Garay mundakarrak eta Alberto Palomera bilbotarrak. Harrobira joan, sormenari eragin eta obrak sortu zituzten, arte galeria bitxi bezain ederra osatuz. Gainera, aurtengo ekainean beste obra bat gehitu diote behatokiari. Aurreko astean Biometro de Bovis eta haren Sintonizador de los Latidos de la Tierra jarri eta aurkeztu zuten Geranda Erdikoa harrobian.
Artisten berbetan, zentzumenak antzemateko modua nahastu dute bertan, “aspaldiko garaiekin lotura” eginda. “Sinestesian” oinarritutako lengoaia aurkeztu zuten: “Gure zentzumenak pizten dituzten loturak ezartzen saiatu gara, baina, modu desordenatuan. Uki daitezkeen testurak usaintzea lortzea, koloreak entzutea edota lurrinak ikuskatzea adibidez”.
Abuztuan, Morgan. Bestalde, Garay eta Palomerak Morgan egingo dituzte bisita gidatuak, abuztuan. Le Patafisic Cabinet taldeko kieek Zeruko ataria proiektua egin dute Morgako Meakaur auzoko Martin Deunaren parrokiaren aurrean.
Abuztuaren 6an eta 20an 19:00etan hasita egingo dituzte bisita gidatuak, doan. Martin Deunaren eliza bera izango da topagunea. Partaide kopuruak mugatuta daude, eta derrigorrezkoa da aldez aurretik izena ematea 605 756 172 telefono zenbakira deituta edo sarean.
Iazko abenduaren 28an inauguratu zuten Zeruko ataria.