Arronategi etxeratzeko eskatu dute
Larri gaixo dagoen presoaren etxeratzea eskatzeko elkarretaratzea egin dute 90 lagun inguruk
Kepa Arronategi eta gaixo dauden gainontzeko presoak etxeratzeko eskatu dute 90 pertsona inguruk, Gernika-Lumon. Sarek antolatuta, bidea izateko konpromisoa erakutsi eta eskatu dute herritarrek. Joan den hilean jakinarazi zuten Kepa Arronategi presoa Arrasateko Aita Menni ospitalera lekualdatu dutela. Buruko gaixotasuna du Arronategik, eta berau artatazeko ekarri dute Euskal Herrira. Etxetik eta familiarengandik gertuago egon arren, Sarek salatu du gaixo dauden presoei etxean egoteko eskubidea urratzen dizkietela oraindik, Arronategirekin gertatu bezala. “Kepa dagokion zentroak, etxekoengandik gertu eta Euskal Herrian izatea bere egoera hobetzeko bidea da, zalantzarik gabe. Aitzitik, Kepari, larri gaixo dauden preso guztiei bezala, etxean etxekoekin eta kalean egotea dagokio”, azaldu dute.
Gernika-Lumoko Merkurio iturriaren inguruan, alkar bildu eta Arronategiren egoera salatu zuten martitzen iluntzean. Sarek azaldu duenez, orain urte batzuk jakin zuten Arronategi gaixo zegoela, eta euskal presoen aurka sistematikoki aplikatutako salbuespen neurrietan oinarritutako espetxe politikak eragin zuzena izan du. rronategik bere beharrei erantzungo dituen espazioa eta mediku-artatzea behar duela esan du Sarek, eta “espetxeko lau hormak” ez direla inoiz izango gaixotasun larria duen preso bat artatzeko lekua. “2020. urtean euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen existentzia hutsak agerian utzi du konpondu gabeko aferak daudela. Horien soluzio bidea gauzatzea beharrezkoa zen atzo, eta are gehiago gaur, pandemia hau tarteko”.