Alde Zaharraren egoerari "buelta emateko" sinadurak batzen ari dira
Alde Zaharreko bizilagunak eta merkatariak "nekatuta" daude, eta udalari eskatu diote bertoko suspertze ekonomikoa eta soziala "lehentasunezko gaitzat" hartu dezala.
Bermeoko Alde Zaharreko auzokideak eta langileak “nekatuta” daude. Behin eta berriz salatu dute Alde Zaharraren “gainbehera eta utzikeria”. Oraingoan, bizilagunek eta merkatariek sinadura bilketa hasi dute. Alde Zaharreko bizilaguna izan edo ez, herritarren babesa eskatu dute, egoerari “buelta eman” asmoz: “Sinadurek gure komunitateko arduradunek gu entzuteko eta gu kontuan hartzeko balioko digute. Bermeoko Alde Zaharraren mesedetan gauzak egiten hasteko ordua da”.
Udalari eskatzen diote Alde Zaharraren suspertze ekonomikoa eta soziala “lehentasunezko gaitzat” har dezala. “Bada garaia gai hau mahai gainean jartzeko. Konponbideak jarri behar dira abian ahalik-eta lasterren”, adierazi dute.
“Alderdi politikoen siglak alde batera utzita”, politikariek eta teknikariek “elkarrekin” lan egin behar dutela uste dute. “Hauteskundeak dauden bakoitzean erabili egiten gaituzte”, diote, eta “nekatuta” daude: “Eragile politikoen hauteskunde agenda guztietan agertzen dira Alde Zaharra suspertzeko, edertzeko eta komunitateari laguntzeko promesak. Gero, hala ere, ahanztura egoerara bueltatzen gara. Gure auzoaren aukerei buruzko inkestak eta azterlanak enkargatzen dabiltza beti, baina gero artxibatu eta ekarpenik egiten ez dutelako nekatuta gaude”.
“Nekatuta” daude baita ere, merkatariei eta bizilagunei ekimenak eskatzen dizkietelako. “Positibotzat” jotzen dute horien proposamenak entzun eta kontuan hartzea, baina konponbideak eman eta praktikan jarri behar dituztenak udal arduradunak direla uste dute, eta erantzukizun horretan oposizioa ere sartzen dute, “dagokien aldetik”. Horien ustez, Alde Zaharraren gaiak elkarren arteko lankidetza eta konpromiso “komun, leial eta iraunkorrak” eskatzen du, “gobernatzen duena edozein dela ere”.
Alde Zaharra Bermeoko leku “enblematikoa” dela gogorarazi dute, eta hango bizilagunek eta merkatariek “aspalditik jasotzen ez duten arreta eta zaintza merezi” dutela uste dute: “Urte asko daramatzate kudeaketa txarra egiten eta erabaki okerrak hartzen. Bada garaia egoera aldatzen hasteko”. Horiek guztiak kontuan hartuta, Alde Zaharra suspertze bidean “garrantzitsuak” izan daitezkeen hamahiru iradokizun bildu dituzte.