43 lagunek egin dute dolmenen ibilbidea
Hurrengo irteerarako jendea prest dagoela jakinarazi dute antolatzaileek. Nafarroa aldera joateko asmoa daukate, Lizarra aldean dagoen Lokiz mendikatera.
Sollube 707 Mendizale Taldeak antolatutako dolmenen ibilbidea egin zuten domekan 43 lagunek. Antolatzaileek azaldu dutenez, mendizaleek “nekatuta” baina “pozik” eta “gustura” amaitu zuten ibilbidea, “bertako paisaiak eta gure arbasoen hilobiak ikusi ostean”.
09:15ean abiatu ziren Elgoibarko San Roke baselizatik. Gorantza, zirimiri gogorra eduki zutela diote: “Karakaten ozta-ozta ikusten genuen komunikazio antena handia”. Hala ere, geroago, poliki-poliki zirimiria desagertzen joan zen, eta lainoak eguerdi aldean desagertu zirela azaldu dute.
Besteren artean, Arribiribiletako menhirra zutik ikusteko aukera eduki zuten, bai eta berreskuratutako Keixetako Egiya trikuharria ere. 25 kilometro egin ostean, Bergaran amaitu zuten ibilbidea.