Txapelik barik, baina txapelketan egindako lanagaz pozik
Emakume Master Cup-aren pilota mistoko finalean, Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Gentzane Aldaik 14-22 galdu dute Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larremendiren kontra.
Atzo arratsaldean Irunen jokatu zituzten Emakume Master Cup txapelketaren finalak.
Pilota mistoko finalean, Leire Garai eta Olatz Ruiz de Larremendiren freskotasuna eta kolpea izan ziren txapela eman zietenak. 14-22 nagusitu zitzaizkien Olatz Arrizabalaga gernikarrari eta Gentzane Aldai orozkoarrari.
Ideiak oso garbi zituztela kantxaratu ziren Gasteizkoa eta Eulatekoa, jokoa atzean Aldairi kargatzeko asmo argia izan zuten hasieratik, eta baita estrategia hori kantxaren gainean garatzeko dohainak. Eulateko atzelaria izango da, ezbairik gabe, gaur egun kolperik handieneko pilotaria eta pilota gehienak gozatu zituen, zulo handiak irekiz. Garai ere oso ondo moldatzen da pilota klase honekin eta jokoa aurren nahastu beharrean, ondo asmatu zuen pilota ezker paretara baztertzen eta atzelari gorriari lana pilatzen.
Gauzak horrela, arratsaldeko bigarren finalak ere lehenaren antz handia izango zuela zirudien bikote gaztea 0-9 aurreratu zenean. Arrizabalaga, ordea, jokatzeko zegoen eta partidari eusten asmatu zuen. Sakearekin mina egin zuen gernikarrak eta tarteka partidaren erritmoa aldatzen ere asmatu zuen, partida estutuz (10-14). Garai eta Ruiz de Larramendik, baina, berean jarraitu zuten, huts batzuk pilatu arren, garaipena non zegoen argi izan zuten partida osoan zehar eta, beste sustoren bat ere eraman zuten arren, (14-18) merezitako garaipena eskuratu zuten. Txapelik eraman ez duten arren, Arrizabalaga-Aldaik ere badute pozik egoteko motiborik, pilota mistoarekin egindako lehen proban, txapelketa bikaina osatu dute eta.
Arrizabalagaren berbetan, ia lau hilabete jokatu barik egon ondoren, ez zekiten zelan helduko ziren finalera. Aurkariak “askoz ere gehiago” izan zirela zehaztu du: “Batez ere Olatz atzelaria. Eta uste dut guri urduritasunak kalte egin zigula”. Txapelketan lan txukuna egin dutela eta, borobildu ez izanaren zapore garratza geratu zaio gernikarrari: “Txapelketa oso ona egin dugu, eta txapelketagaz gustura geratu naiz. Baina, hor goian amaitzen ez jakitearen sentsazio txar hori geratu zait. Finala galtzeagatik eta gure maila ez emateagatik pena apur bat daukat”.
Pilota goxoko finalean, Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendiren indar eta eskarmentuak ez zien aukerarik txikiena eman Nagore eta Leire Galeanoren ilusio eta gaztetasunari, eta nafarrek txapela jantzi zuten 22-7 irabazita. Finalari emozio pixka bat falta izan zitzaion. Hala ere, tantoak azken markagailuak erakusten duena baino lehiatuagoak izan ziren. Gorriak 10-0 aurreratu baziren ere, hasierako tantoak luze eta piloteatuak izan ziren. Kolpez indartsusagoak izateaz harago, defentsa bikaina erakutsi zuten Agirre eta Ruiz de Larramendik eta Antzuolako ahizpa gazteei ezinezkoa egin zitzaien tantoa amaitzeko zirrikiturik topatzea. Hala ere, tarteka finaleraino eraman dituen maila erakusteko gai izan ziren galeanotarrak. Urduritasunak eragin zien, baina ausart jokatuta, zazpi tanto egiteko gai izan ziren eta etorkizuna eurena dela erakutsi zuren.
Pilota zainetan daraman familia da Ruiz de Larramenditarrena eta urtetan izandako pasio horrek bere saria izan zuen atzo. Izebak, Iera Agirrerekin batera, pilota goxoko lehen txapela irabazi zuen Galeano ahizpei 22-7 gailenduta eta Olatz, ilobak, pilota mistokoa jantzi zuen, bere bigarrena lortu duen Leire Garairekin batera, Arrizabalaga eta irabazita. Baina antolatzaileen berbetan, guztiaren gainetik, “emakumeen pilota izan zen garailea” Urantzu frontoi berrituan. Giro bikainagaz, erabilgarri ziren 351 eserlekuak betez, kanpoan jendea sartu ezinda geratu zen, eta normalean gizonezkoei erreserbatutako telebista ordutegi tartea ikuskizun polit batekin bete zuten. Bi partiden artean, Irungo 22 Academy dantza akademiak giroa berotu zuen bere ikuskizun berritzailearekin.