"Euskadi soziala eta ekonomikoa berreraikitzeko" EAJrentzako botoa eskatu du Atutxak
Ekorekak bere jaioterrian zerbait berezia egin guran, bertso batekin harritu zituen bertaratutakoak, "Euskadi Zutunik ozen eta garbi esateko".
Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) kideak Bermeon egon ziren atzo, Lameran egin zuten ekitaldia. Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak, EAJren Bizkaiko zerrendaburu Leixuri Arrizabalagak eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Bizkaiko hautagaiak parte hartu zuten.
Uztailaren 12an bozkatzera joateko deia egin zuen Atutxak, “Euskadi soziala eta ekonomikoa berreraikitzeko” eta “herri honen etorkizuna bermatzeko”. Hala, Iñigo Urkullu lehendakarigaiarentzat botoa eskatu zuen: “Aztertutako eta kontrastatutako programa baten 400 orrialde baino gehiago ditu. Lau urte barru krisi honetatik atera garela, zutik jarri garela eta Euskadik aurrera egin duela esan ahalko duen bakarra da. Herri hau eskutik helduta ibili denean, aurrera atera da. Herri honek konfiantza izan duenean eta EAJri botoa eman dionean, aurrera atera da. Herri honek batasuna erakutsi duenean, aurrera atera da”.
Arrizabalagak, berriz, emakumea jarri zuen bere hitzaldiaren erdigunean. Salome Campos enpresaburu bermeotarra eta berdintasunaren aldeko aitzindaria izan zen hitzaldiaren protagonista. Camposek XX. mendearen hasieran Izaro uhartera igeri egin zuen Bermeoko portutik, askoren sinesgaiztasunaren aurrean. Haren erronkari esker, gaur egun igeriketa zeharkaldi bat egiten dela gogorarazi du. “Hori da EAJren estiloa! Irmotasuna, ahalegina, lana eta zorroztasuna!, esan du. Ildo horretan, “berdintasunaren, aniztasunaren, gardentasunaren edo elkartasunaren aldeko trantsizio soziala aukera handia” dela esan du hautagai jeltzaleak. Trantsizio hori sustatzeko, EAJk bere politika guztietan “giza eskubideetan, berdintasunean eta politiken koherentzian oinarritutako ikuspegiari ahalik-eta sakontasun handiena” emango diola esan zuen.
“Neurri zehatzak proposatzen ditugu genero ikuspegia politika publikoetan zeharka txertatzeko lanean jarraitzeko; berdintasuna enpresetan; berdintasunezko balioak transmititzeko gazterian eta haurtzaroan; emakumeen ahalduntzea bultzatzeko eta zaintzaren erronkan”. Gainera, nabarmendu zuenez, jeltzaleek %30eko hazkundea proposatuko dute Eusko Jaurlaritzak emakumeen aurkako indarkeriaren arretan eta prebentzioan egiten duen inbertsioan.
Bere jaioterrian, familia eta lagunez ingurututa egon zen Erkoreka. Zerbait berezia egin guran, bertso batekin harritu zituen bertaratutakoak, “Euskadi Zutunik ozen eta garbi esateko”.
“Euskadin ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko giltzarri bihurtuko den legegintzaldian”, Urkullurentzako botoa eskatu zuen bermeotarrak: “Legealdi eta erdi kosta zitzaigun langabezia %10etik jaistea lortzea; lan motela izan zen, baina oso sendoa, oinarri sendoekin; orain, berriro lortu ahal izango dugu”. Erkorekaren arabera, koronabirusaren pandemiaren ondoren, EAJ da “Euskadi berriro zutik jartzeko proiektua, pertsonak eta gaitasuna duen bakarra”.