Atzerritarren hazkundea moteldu egin da Busturialdean
Busturialdeko Mankomunitateak biltzen dituen 19 udalerietan 53 atzerritar gehiago erregistratu dituzte azken urtean; Bermeoko datuak kontuan izan gabe, Busturialdeko biztanleriaren %8,3 beste nazionalitate bat du
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eman dituen datuen arabera, atzerritarren hazundea moteldu egin da azken urtean mankomunitateko kide diren herrietan. Bermeo ezik, eskualdeko beste 19 herriak biltzen ditu mankomunitateak. Hala, herri horietako biztanleria osoa kontuan hartuta, %8,3 dira Espainiakoa ez, beste nazionalitate bat duten herritarrak. Datu hori Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak (%10,9) osotasunean ematen dutena baino baxuagoa da, gainera.
2019ko datuekin alderatuta, 2020an atzerritik heldutako 53 biztanle gehiago ditu Busturialdeak (Bermeoko datuak faltan). Hazundea moteldu egin dela azaldu du mankomunitateak. Izan ere, 2019. urtean, atzerritik etorritako 217 pertsona erroldatu ziren mankomunitateak biltzen dituen herrietan. Gainera, jakinarazi dute 37 atzerritarrek hartu zutela iaz espainiar nazionalitatea.
Azken 15 urteetako datuei erreparatuz gero, %4,4 hazi da atzerritarren konpurua mankomunitateko herrietan, eta 2008. urtean izan zuten herri horiek atzerritar kopuruan hazkunderik handiena (258 pertsona gehiago 19 herrietan).
Gehienak, Europar Batasunetik etorritakoak. Gaur egun Bermeo ez diren Busturialdeko beste herrietan bizi diren atzerritarren %46,6 Europar Batasunetik kanpotik etorritakoak dira (1.146 lagun, hain zuzen). Europatik heldu da gainontzeko %53,4 (1.317 pertsona), eta horien %87,5 errumaniarrak dira. Hala ere, mankomunitateak azaldu du azken urtean gehien handitu diren taldeak nikaraguartarrak, kolonbiarrak eta venezuelarrak direla. Errumaniarren kasuan, 13 lagun gutxiago zenbatu dituzte 2020an.
Gernika-Lumon bizi dira mankomunitateak zenbatuta dituen atzerritarren gehiengoa: %77. Hain zuzen, Gernika-Lumoko errodaren %11 dira beste herrialde batzuetatik etorritakoak. Atzerritik etorritako biztanleen artean emakumeak dira gizonezkoak baino gehiago: %51,3.