Roman Orberen aldeko elkartasuna adierazteko eskatu dio Laiak Busturiko Udalari
Busturiarra GALen atentatu baten biktima izan zen Miarritzen, errefuxiatuta zegoela. Laiak idazki bat aurkeztu du Busturiko Udalean, alderdiek eztabaidaitzeko eta onartzeko.
Azken asteetan komunikabideetan agertu den GALi buruzko informazioa kontuan hartuta, Busturiko Laia Herri Mugimenduak idazki bat aurkeztu du Busturiko Udalean. Hala, besteren artean, GALen atentatu batean larri zauritu zen Roman Orbe busturiarraren aldeko elkartasuna adierazteko eskatu dio Laiak Busturiko Udalari, “estatu terrorismoaren biktima den heinean”. Busturiar modura “aintzatespena” jaso dezala ere eskatzen dute, bai eta udal modura “gaur egungo bere egoeraz” arduratu daitezen ere.
Espainiako errege ohia eta Felipe Gonzalez garai hartako gobernuburua persona non grata izendatzea eskatu du Laiak; “gure auzokidearen aurka ekin zuen talde terroristaren sorreran eta hari emandako euspenaren parte direlako”.
Azkenik, Busturiko Udalean ordezkaritza daukaten alderdiek Orberen kasua jendartean zabaltzeko konpromisoa har dezatela, eta aipatu atentatuaren atzean daudenak salatzeko beharrezkoak diren baliabideak erabiltzea.
1984ko ekainak 15
Laiak gogorarazi duenez, 1984ko ekainaren 15a “egun beltza” izan zen Busturiarentzat: “Gure auzokide Juan Luis Lekuona eta bere kide Agustin Arregi enfrentamendu armatuan erahilak izan ziren Guardia Zibilagatik. Egun berean, ordu batzuk beranduago, euskal iheslari politiko Roman Orbe busturiarra eta Tomas Perez bilbotarra GALen atentatu baten biktimak izan ziren Miarritzen. Busturiarra larri zauritu zen, kalte sendaezinekin. Bilbotarra, berriz, egun batzutara hil zen”. Laiaren arabera, GALen sorrerak eta finantzaketak “lotura estua izan dute beti Espainiako Estatuko egiturarik zikinenagaz”.
Orain dela egun batzuk jendaurrera atera ziren Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuen paper batzuk, “Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohia GALegaz nahasten zutenak” CIAren paper horien arabera, Gonzalezek onartu egin zuen ETAren aurka mertzenarioak erabiltzea. “Horietan baieztatzen dira gehiengoak genituen susmoak. Badakigu, orain, GALeko X Felipe Gonzalez zela. Guztia, gainera, orduko Espainiako errege Juan Carlos Borboikoaren onarpenagaz egin zuen, ekintza guztien berri zuen, horien artean, gure auzokidearen aurka egin zena”.
Horregatik guztiagatik, Laiak hiru puntugaz osatutako idazkia aurkeztu du Busturiko Udalean. Alderdiei eskatzen die aurkeztutako puntu horiek eztabaidatzeko eta onartzeko.