Udako etenaldiaren aurreko azken elkarretaratzea egingo dute astelehenean Busturialdeko pentsiodunek
Merkatu plazan batuko dira 12:00etan.
Udaro lez etenaldia egingo dute Gernika-Lumoko asteleheneroko hitzorduan, irailean “adoretsu” bueltatzeko asmoz. Datorren astelehenean [ekainak 29], baina, udaletxe aurrean elkartu ordez, Merkatu plazan egingo dute elkarretaratzea, 12:00etan.
Pentsio duinen aldarrikapenagaz batera, azken asteotan osasun krisiagaz lotutako aldarria egiten ari dira Busturialdeko pentsiodunak. Izan ere, euren ustez, COVID-19agaz are argiago geratu da zaintza soziosanitario publikoaren beharra: “Gure erreibindikazio tauletan hor egon diran gaiak nabarmen azaleratu ditu COVID-19ak. Jendarte aurreratu bat bere adinekoak zaintzen dituena ei da. Bada, pandemia honek oraindik asko daukagula egiteko adierazi du. Horregatik, orain aste batzuetatik gure astelehenetako pankartak Zaintza soziosanitario publikoa. Negoziaziorik ez leloa dauka. Zaintza soziosanitarioa administrazioaren ardura izan behar da. Negozioak ezin du zurrupatu eskubideen arloa. Ikusitakoak ikusita inoiz baino argiago daukagu zuzen genbiltzala beste eragile askorekin batera Lana, bizitza eta pentsio duinak aldarrikatzen”. Eta horretan jarraituko dutela azpimarartu dute.
Batik bat azken hilabeteotan egoitzetan bizi izandakoagatik kezkatuta daude: “Datu orrokorrek esaten dutenez, nagusien egoitzak ez dira izan gai ganoraz egoerari aurre egiteko. Ez dute bete asistentzia duin baten exijentziarik. Etekin ekonomikoaren bila dabiltzanak ezin dituzte kudeatu nagusien egoitzak”. Bizkaiko Foru Aldundiak ezin duela “albora begira jarraitu” diote: “Horrexegaitik batu gara azken astelehenetan Bizkaiko pentsiodunen mugimenduetakoak Bilbon Aldundiaren aurrean. Benetako errealitatea ezagutu gura eta behar dogu: ze espezialista daukate residentzietako egoiliarrek? Ze ratio daukate? Ze egoeratan daude zaintzagaz arduratzen diran beharginak? Eskubide bat da zahartzaro duina eta asistentzia duina zahartzaroan. Beste behin egoera zaurgarrienetarikoan gaudela adierazten dute datuek”. Egoiliarrekiko eta hauen zaintzaren ardura daukaten beharginekiko ardura agertu dute: “Emakumeak dira gehientsuenak eta etorkinak, eta gutxi ordaindu daude”.
Busturialdeko pentsiodunen berbetan, adi egoteko sasoia da. Urte bi eta erdiko eskakizunek hor jarraitzen dutela zehaztu dute: “Danok batera, Danok artean eta antzekoak entzuten ari gara, baina kontuz! Egia da denok gaudela itsaso beren, baina ezin zaigu denoi bardin exijitu. Ez da zilegia luxuzko yatean doanari eta egurrezko txalupa triste baten arraun ezinean dabilenari berdina eskatzea; ez da zilegia! Batzuk ezinaren egoerari eusten, eta besteak abiadura handiko trenean? 1.080 euroko gutxienezko pentsioak, 1.200 euroko gutxienezko soldatak, alargunen egoera, dependentzia… Horren guzti horreta aurrera egin beharra dago; pandemiaren aurretik lez edo indartsuago”.