"Helburu argiekin, talde orekatua" osatu du Urdaibaik
Azken hamarkadetako arraun denboraldirik ezohikoena hastekotan dago. Liga jokatuko zen edo ez airean egon ostean, datorren astean emango diote hasiera TKE liga nagusiari.
Kresala, boga, izerdia, emozioa eta askoz gehiago da arrauna. Ur gaineko ikuskizunik handiena eta garrantzitsuena hastear dago. Lea-Artibai eta Busturialdeko traineruak itsaso gainean dantzan hasteko prest daude, eta zaleak, eztarriari urratualdi bat baino gehiago emateko irrikitan.
Lehen hitzordua datorren asteburuan izango dute Eusko Label Ligako arraunlariek, eta entrenamenduetan azkenak ematen ari dira Bou Bizkaia, Lekittarra eta Antiguako Ama-ko eskifaiak. Liga hasteko eta uretan daukaten maila erakusteko gogoz daude hiru taldeak.
Hain zuzen ere, Caixabank Koroa lortzeko bideari hasiera A Coruñan emango diote IV. Bandeira Cidade da Coruñagaz; ligako lehen jardunaldi bikoitza Riazorgo hondartzan lehiatuko dute uztailaren 4an eta 5ean. Klub guztiak A Coruñako uretan egin beharreko debuta iristeko orduak kontatzen ari dira. Datorren asteko hitzordua, egia esan, bestelakoa izan beharko litzateke, baina aurten, koronabirusak denboraldia inoiz baino bereziagoa egin duela argi utzi dute bertoko hiru taldeetako entrenatzaileek. Baldintzetara «ondoen» moldatzen denak irabazteko aukera gehien edukiko dituela uste dute hirurek.
Zalantza askogaz hasiko dute denek ere denboraldia, baina denak ere hasieratik jarritako helburuak betetzen ahaleginduko dira. Batzuek garaipenaren gozoa dastatzera heltzeko asmoa dute, besteek mailari eustea edo iazko markak hobetzea. Dena den, lehia eta ikuskizuna izango dela nabarmendu dute Urdabaiko, Lekeitioko eta Ondarroako entrenatzaileek.
Koronabirusak eragindako osasun alarma dela eta, arraunlariek, taldean entrenatu ordez, bakarka entrenatu behar izan dute nork bere etxean konfinamenduko aste luzeetan. Eta arrauna taldeko kirola izanik, banatuta aritu behar izatea neurri handi batean oztopo izan dela azpimarratu dute. Izan ere, neguko entrenamendu fisikoa «ohikoa baino gehiago» luzatu behar izan dute, eta euren iritziz, uretan ibiltzeko nahikoa astirik ez dute eduki.
Euskal taldeetako traineruak ekainaren 8an hasi ziren uretaratzen, eta arraunlariak fisikoki ondo badaude ere, talde mailan beste urte batzuetako mailara iristeko oraindik ere asko falta dela uste dute entrenatzaileek, eta nahitaez egin beharreko geldialdia igarri-igarria izango dela. «Arraunean %80a talde lana da. Fisikoki ondo gaude, baina orain trainerura moldaketa oso gogorra izaten ari da. Eskuak, ipurdia… neguan gogortzen den hori guztiori orain korrika eta presaka ari gara ohitu nahian, eta, egia esan, asko sufritzen ari gara», agertu du Jon Elortegi Urdaibaiko entrenatzaileak.
Iñaki Errasti Ondarroako entrenatzaileak ere denboraldia sentsazio «arraroekin» hasiko dutela dio. «Ekainean gaude, eta neguko sentsazioak ditugu oraindik. Eskuak-eta oraindik jartzeko ditugu, eta ipurdia ere urratuta dugu, esaterako».
Bandera gosea
Prestakuntza inoiz baino motzagoa izan da denentzat, eta indarrak ondo neurtu beharko dituzte lehia hasten denean. Ondarroak, esate baterako, esfortzu handirik egin barik hasi zituen uretako lehenengo entrenamenduak, eta denbora aurrera joan ahala intentsitatea gehitzen joan dira, denboraldia ere gainean dagoelako. «Pixkanaka ari gara martxa hartzen, badakigu denbora gehiegi ere ez daukagula eta. Ahal den neurrian entrenamenduak moldatzen ari gara, eta gauzak ahal denik eta ondoen egiten». Beste taldeek ere antzerako entrenamenduak egin dituzte, «minik ez hartzeko» asmoagaz.
Denboraldiari dagokionez, helburuak argi ezarrita dituzte Bou Bizkaia-ko arraunlariek. Iazko denboraldi gorabeheratsuaren ostean, garaipenaren bidea hartu, eta banderak astintzeko gosea daukate Txoek, eta, aldi berean, CaixaBank Koroa eskuratzeko faboritoen artean eta onenen artean egotea nahi dutela azaldu du Elortegi entrenatzaile berriak. «Gure helburua denboraldiaren hasieratik lehenengo postuetan finkatzea da, eta ahal bada lehenengo txandan sartu, banderak irabazteko aukera ere izanaz».
Bide horretan ia iazko bloke bera mantenduko dutela agertu du. «Hiruzpalau aldaketa» egin dituzte iazko denboraldiagaz alderatuta, eta Elortegiren arabera, aldaketa horiek «ondo ordezkatu» dituzte bajak. «Fitxatu ditugun taldekide berriak jende gaztea dira, eta gogo handiagaz datoz taldera; nire ustez, taldea indartuta aterako da, izan ere, aurrekoek utzitako hutsunea ondo beteko dute». Talde orekatua osatu duela nabarmendu du. «Iazko traineruaren erdialde bera mantendu dugu». Elortegi, gainera, estreinako ariko da Bermeoko taldea entrenatzen. Aurretik sei denboraldi egin zituen arraunlari legez taldean, eta aurten ere tostartean joango dela aurreratu du.
Jon Elortegi (Urdaibairen entrenatzailea): “Denboraldiaren hasieratik lehenengo postuetan finkatu nahiko genuke”
Bermeotarrek sentsazio onak izan dituzte orain arte uretan egin dituzten entrenamenduetan, eta A Coruñan ere ondo moldatzea espero dute. «Gure burua ondo ikusten dugu uretan, baina ez dakigu zer maila eman ahal izango dugun. Aurredenboraldiko ohiko estropadarik ez da jokatu, eta horrenbestez, informazio hori ez dugu aurten. Denok ere, egia esan, ziurgabetasun puntu horregaz hasiko dugu denboraldia».
Talde oso lehiakorra da, eta euren asmoen artean Kontxa ere ezin da falta. «Traineru gehienok denboraldia hasi orduko gorriz markatuta izaten ditugun datak izaten dira. Gure helburua Kontxako estropadara ahalik eta sasoikoen heltzea da».
Kontxan begia ipinita
Antiguako Ama-ko entrenatzaileak taldea osatzerako orduan nahikoa zailtasun izan bazituen (hamar baja inguru izan zituen denboraldia hasi orduko), azkenean trainerua uretaratzeko moduan egongo dira. «Talde berria moldatu dugu beste bederatzi lagunekin. Batzuk aurten hasi dira, beste batzuk arrauna utzita eduki ostean, berriro bueltatu dira. Aurreko urteetan beste arraun talde batzuetan egon diren bost edo sei kide ere etorri dira. Taldea osatu dugu, eta gustura gaude», azaldu du Aginagakoak.
Konfinamendu garaian egiteko lanak ondo egin dituzte ondarrutarrek Errastiren arabera. «Beste erremediorik ere ez genuen, eta alde horretatik jendeak ondo egin du lana. Baina, azken finean, guk arraun egin behar dugu, eta fisikoa garrantzitsua baldin bada ere, denok batera arraun egin behar dugu, eta hori ezin izan dugu azken hilabeteotan egin».
Aurten ere gora begira jarraitu nahi dute. Kirol mailan iazko marka hobetu nahiko lukete, nahiz eta taldearen erdia berria izanik hori hobetzea zail dagoela aitortu duen Errastik. Banderak bandera, garrantzitsuena mailari eustea izango dela adierazi du. «Baja garrantzitsuak eduki ditugu, eta helburu nagusia beste urte batez mailari arazorik barik eustea izango litzateke. Baina motibazio modura, lehengo urtean lortu genituen emaitzak, zaila izango bada ere, horiek hobetzen saiatuko gara». Entrenatzaileak, gainera, tostartean arraun egingo duela iragarri du. «Taldea dagoen bezala, barruan joan beharko dut; eduki ditugun baja kopurua kontuan hartuta barrutik iruditzen zait hobeto zuzenduko dudala taldea».
Coruñako hitzordua gain-gainean dutela, maila «nahikoa txukuna» emango dutelakoan dago entrenatzailea. «Gure maila nahikoa txukuna izango dela uste dut. Orain ikusi beharko da besteek zer egiten duten».
Arraunlari denentzat oso kuttuna izan da Donostiako Kontxako estropada, eta ondarrutarrek euren helburuetan ere ondo txertatuta dute. Iaz, sailkapen estropadan sekulako ezustekoa eman zuten, eta aurten ere Kontxa buruan hasiko dute denboraldia. Estropadarako sailkatzea euren helburuen artean dago.
Mailari eustea helburu
Isuntza arraun taldekoek, ostera, gorengoko mailari eustean dute itxaropena jarrita. «Iaz maila mantentzea lortu genuen. Aurten beste arerio batzuk edukiko ditugu ondoan, eta gure lehen asmoa azken postua saihestea da, zuzeneko jaitsiera postua saihesteko. Denboraldia jaitsiera postuetatik urrun amaitzen badugu, askoz hobeto», esan du Osertz Aldai Lekittarra-ren entrenatzaileak.
Lekeitiarrek iazko oso talde antzekoa osatu dute, eta elkartearen baloreak kontuan izanda, harrobiko arraunlariengatik apustu egiten jarraitzen dute. «Taldekide gehienak harrobikoak dira. Taldeari dagokionez, lauzpabost taldekide berri ditugu aurten». Kirolari modura urte arraroa izaten ari dela azpimarratu du Aldaik. «Egia esan, egoera nahikoa arraroa izan da, batez ere, bizi izan dugun guztiagatik. Alde batetik, era berezian entrenatu behar izan dugu, eta egoerak hobera egin badu ere, kezkak hor jarraitzen du. Prestaketa aldetik konfinamendu garaian etxean egon gara lan egiten, eta orain uretara ateratzen uzten digutenez, transizioko lan hori ari gara egiten uretan, gainean daukagun ligari ahalik eta ondoen ekiteko».
Hondarribikoak taldea entrenatzeaz gain, arraun ere egingo du. «Aurten ere arraun egingo dut. Fisikoki ondo nago, beraz, hor jarraituko dut tosta artean».