Sanjoanak, ezohiko udako lehen jaiak
Udako solstizioagaz batera iritsi dira San Juan jaiak Busturialdera. COVID19ak eragindako egoera dela eta, baina, ezohikoak izan dira.
San Joan jaiak bertan behera utzi zituzten Busturialdeko hainbat udalek, baina ospakizun txiki batzuk egin ahal izan dituzte han eta hemen. Ekitaldi guztiak osasun krisiak eskatzen dituen segurtasun neurriak errespetatuz burutu dira.
Ean herriko jai nagusiak dira San Joanak, eta jaiak bertan behera uztea erabaki zuen Ieko Jai Batzordeak. Ospakizun handirik barik izan dira aurtengoak, baina jai giroa eduki dute zelanbait. Atzo iluntzean su ikuskizunean elkartu ziren, Lekitxoko Deabruak lagunduta, eta gaur eguerdian, Onintza Enbeitaren, Miren Amurizaren eta Oihana Bartraren bertsoek musikatu dute plaza.
San Joan eguna garrantzitsua da bermeotarrentzat ere, eta ohikoa izaten dute Gaztelugatxeko San Juanera bisitan joatea. Baselizan meza entzun, kanpaia jo eta eskapularioak erosita buelta egiten dute herrira.
Gaur, hala ere, Gaztelugatxeko San Juan zarratuta egon da. Hori bai, mahonak soinean jarri, eta San Frantzisko elizara hurbildu dira asko eta asko, fededunak eta ez hain fededunak. Batzuk, meza entzuten geratu dira, beste batzuk, berriz, eliza kanpoan saltzen egon diren Gaztelugatxeko eskapularioen bila bertaratu dira, urterokoa edukitzeko.
Txarrak eroan eta onak ekarri. San Joan bezperako suak ere egin zituzten atzo eskualdeko hainbat txokotan, baina ezohiko suak izan ziren. Suek jendetza batzen dute urtero, euren inguruan dantza egiteko. Aurten, baina, su gehienak bakoitzaren landetan piztu behar izan dituzte. Izan ere, COVID-19ak eragindako ezohiko egoera dela-eta herrietako su handiak bertan behera utzi dituzte hainbat udalek.
Hala, su inguruan batu eta etorkizunerako desioak eskatzeko aprobetxatzen zuten askok eta askok, baita pentsamendu txarrak albo batera uzteko ere.