Jaurlaritzak 2,6 milioi euroko laguntza sorta bat jarri du abian kultura sektorea bultzatzeko
Diru laguntzak bi ardatz ditu: mikro enpresa txikiei zuzendutako lerro bat eta bost arlotara zuzendutako laguntza lerro bereziak.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2.645.000 euroko diru laguntza sorta bat aurkeztu du gaur [ekainak 24] egindako agerraldian. Laguntzak COVID-19ak sortutako alarma egoeraren eta bizi izan den osasun larrialdiaren ondorioak jasan dituen kultura sektorea laguntzeko eta bultzatzeko bideratuko dituzte.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren arabera, kulturaren arloa “kaltetuenetako” bat izan da COVID-19aren hedapena gelditzeko hartutako neurrien ondorioz. “Pertsonen artean pandemiak sortu duen oinazeaz gain, alarma egoera eta pandemia gelditzeko hartutako neurriak ondorio nabarmenak izaten ari dira, gizarte mailakoak zein ekonomikoak. Ondorio horiek bereziki nabarmenak dira sektore batzuetan, eta kultura da, hain zuzen, horietako bat. Gaur aurkeztuko ditugun neurrien helburua da, lehenik, ondorio horiek arintzea. Era berean, aurrerapauso bat gehiago eman nahi dugu sormen jarduera bultzatuz eta kultura arloko enpresen jarduera babestuz”.
Azaldu dutenez, laguntza multzoak bi ardatz izango ditu. Alde batetik, Jaurlaritzak kultura sektoreko mikro enpresa txikientzako diru laguntza deialdi berri bat jarriko du abian hurrengo egunetan. 2 milioi euro bideratuko dituzte alarma egoeraren ondorioz jarduera murriztu edo osoki geldiarazi behar izan duten enpresetara. Diru lerro hori, hain zuzen, enpresen gastu finkoak edo egiturazkoak arintzen laguntzera bideratuko dute. “Ez dira kontuan hartuko langile kostuak (gizarte-segurantza eta soldatak), neurri handi batean jada irekitako beste laguntza lerro batzuen bitartez finantzatzen baitira”. Hurrengo martitzeneko Gobernu Kontseiluan onartuko dute aurrekontua, eta aurreratu dutenez, onuradun bakoitzak 10.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez ere.
Bestetik, bost laguntza lerro ere jarriko dituzte martxan, euskal sortzaileen jarduera bultzatu eta kultura arloko erakunde eta enpresen jarduera babesteko. 645.000 euroko aurrekontua bideratu dute zeregin horretara, eta bost arlotan eragingo du: liburugintzan, ilustrazioan, zinema ekoizpenean, arte plastikoen sorkuntzan eta musika ondarearen katalogazioa-digitalizazioan. “Helburua da kultura arloko inbertsio publikoa areagotzeko ahalegin bat egitea, sortzaileek baliabide gehiago eskainiz beren sorkuntza lanarekin jarrai dezaten”. Joxean Muñoz sailburuordeak azpimarratu duenez, sorkuntza arloaren “biziraupena” eta dakarren “gizarte balioa bermatu” nahi dituzte.