Ekonomia eta enplegu krisiari aurre egiteko laguntza gehiago onartu ditu Jaurlaritzak
Galerak jasan dituzten gizarte ekonomiako enpresei zuzendutako eta enpresen prestakuntza ekintzei bideratutako diru laguntzak iragarri dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren gaurko Gobernu Kontseilua zenbait programa onartu dituzte COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoari eta enpleguan utzitako ondorioei aurre egiteko.
COVID-19aren ondorioz galerak eduki dituzten Gizarte Ekonomiako enpresak indartzeko 3,2 milioi euroko programa prestatu dute; “finantza indarra eta egitura sendotzeko kapital bidezko diru laguntzak” emango ditu Jaurlaritzak. “Horrez gain, krisi honen espezifikotasunei buruzko aholkularitza bereziko bi ildo berri sartu ditugu programa honetan, gizarte ekonomiako enpresei lehia egoera hobetzeko diagnostiko espezializatuak prestatzen lagundu nahi diegu. Krisi uneetan aukera egoera ere sortu egiten dira; programa honek zailtasunak bizi dituzten enpresak sozietate kooperatibo bilakatu ahal izateko laguntza ildo bat jaso du”, azaldu du Josu Erkoreka bozeramaileak.
Programaren helburuak dira kooperatiba berrien ekintzailetza, enpresen lurralde-sustapen planifikatua, dagoeneko badauden eta zailtasunak jasaten ari diren enpresak finkatzea eta aholkularitza tekniko berezia eskaintzea, krisi ekonomikoa gainditzeko. Beraz, lehiatzeko ahalmena berreskuratzeko eta hobetzeko diagnostiko espezializatuak egiten lagundu ez ezik, eta “kaudimengabeziako kasuetan, hartzekodunen konkurtsoa deklaratzeko eskaera egin aurretik har daitezkeen neurriak aztertzen” ere lagundu gura diete enpresei.
Kudeaketa-tresnak prestatzeko eta ezartzeko laguntzen barruan, honako jarduera hauek ere aurreikusi dituzte: Urteko Kudeaketa Plan bat edo Aginte Koadro Integrala prestatzea eta ezartzea, Gizarte Ekonomia ordezkatzen duten erakunde nagusiek aurretiazko beharrezko azterketa ekonomiko eta finantzarioa egitea, erakunde kideei bermea emateko, kooperatiben eta lan-sozietateen kudeaketa komertzialerako aholkularitza espezifikoa, eta kooperatibetan eta lan-sozietatetan kudeaketako edo zuzendaritzako funtzioak betetzeko zerbitzu espezializatuak kontratatzea.
Enpresen prestakuntza ekintzak. Era berean, enpresen prestakuntza ekintza estrategikoak finantzatzeko helburua daukan programa ere onartu dute gaur. 3,2 milioi euroko aurrekontua daukan programa da honako hau ere. Langileen eskumenak eta kualifikazioak hobetzen lagundu gura dute, eta Lanbidek kudeatuko du programa. Enpresek 2021eko ekainaren 30era arte programatu ahalko dituzte prestakuntza ekintzak, eta 250 prestakuntza-programa inguru abian jartzea espero du Jaurlaritzak.
“Garrantzitsua da langileak eta enpresak errealitate berrietara egokitzea. Horretarako, garrantzitsua da ekoizpen-prozesuen aldaketetan langileek lanbide-gaikuntzari eustea”, esan du Erkorekak.