HITZA proiektuagaz bat egin eta tokiko egunkariari laguntzeko hitzarmena sinatu dute hainbat udalek
HITZA diruz laguntzeaz gain, tokiko egunkariaren aldeko apustua egin dute beste behin ere Ibarrangeluk, Ajangizek, Ispasterrek, Berriatuak eta Etxebarriak. Dena dela, beste udal batzuek ere hitzarmena sinatu dute, eta datorren astean argitaratuko ditugu.
Hitza hartu, hitza eman eta hitzarmena sinatu. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean badira tokiko euskarazko egunkariaren alde apustu egiten duten udalerriak. Tokiko informazioak, batetik, eta euskarak, bestetik, laguntza behar dute gaur egun bizirauteko. Egunkari txikia izanik, herritarren babesa ez ezik, udalen babesa ere beharrezkoa du Hitzak.
Euskara hutsean argitaratzen da, gainera, eta hizkuntzaren normalkuntzan egunero egiten duen lana aintzat hartzea ere beharrezkoa da instituzioen aldetik. Hala, bere banaketa eremua hartzen duten 33 herrien artean, egunkaria, euskara eta tokiko informazioa diruz laguntzeko erabakia hartu dute hainbat udalek.
Publizitatetik eta harpidetzetatik hartzen dituen diru sarrerez gain, Hitzak bizirauteko ezinbesteko ditu erakunde publikoen diru laguntzak. Lau urteko hitzarmenak edo urtez urtekoak, arnasa ematen diote proiektuari. Etxebarria, Berriatua, Ajangiz, Ispaster eta Ibarrangeluk azken egunotan sinatu dituzte egitasmoa babesteko hitzarmenak. Batzuen lanagaz eta besteen laguntzagaz, herritarren ahotsa izaten jarraitu nahi du Hitzak. Eskerrik asko guztioi!