Herri Babesako ibilgailuetako batean agertutako pintadak gaitzetsi dituzte
Ez diote gertatutakoari "zentzurik" ikusten. Azaldu dutenez, denbora asko ematen dute dituzten baliabideak zaintzeko asmoz, konpontze zein mantentze lanak egiten.
Herri Babesako ibilgailuetako batean pintadak agertu direla jakinarazi dute taldeko boluntarioek. “Ez diogu zentzurik ikusten herrian larrialdiei aurre egiteko boluntarioki antolatuta dagoen talde batek erabiltzen duen ondare publikoari egindako barrabaskeriari”, azaldu dute.
Bermeok, gainera, “oso beharrezkoa” du horrelako talde bat, “baliabide duin batzuekin”. Azaldu dutenez, denbora asko ematen dute dituzten baliabideak zaintzeko asmoz, konpontze zein mantentze lanak egiten; “batez ere, zaharrak direla kontuan izanik”.
Diotenez, “zoritxarrez” ez da mota horretako ekintza bat gertatzen den lehen aldia. Hala ere, Herri Babesako boluntarioek, taldeko konpromisoari eutsita, ibilgailua garbitu eta lehengo itxurara bueltatu dute.