Garbigune mugikorra Muruetan egongo da datorren astean
Astelehenean iritsiko da eta barikura bitartean egongo da, eskola aurreko aparkalekuan.
Garbigune mugikorra Muruetara iritsiko da astelehenean, eta barikura bitartean egongo da. Hain zuzen ere, eskola aurreko aparkalekuan kokatuta egongo dela esan dute udaletik. Horregatik, jakinarazi dutenez, datorren astelehenean (ekainak 22) eta barikuan (ekainak 26) aipatu aparkalekua zarratuta egongo da, eta ezingo da ibilgailurik egon.
Datorren astean, hortaz, muruetarrek herrian dituzten edukiontzietara bota ezin dituzten hainbat hondakin botatzeko aukera izango dute. Etxekotresna txikiak, sukaldeko tresnak, etxeko olioa (ontzi txietan), sakeleko telefonoak, pinturak eta disolbatzaileak, aerosolak, kutsatutako xurgatzaileak, tonerrak, tintazko kartutxoak, metalezko kapsulak, plastikozko kapsulak, pilak, kableak, CDak, DVDak, kasseteak zein erradiografiak bota ahalko dituzte.
Bizkaiko herritarrentzat birziklatzea errazagoa eta hurbilagoa egiteko helburua daukate Bizkaiko Foru Aldundiaren Garbigune mugikorrek.