Normaltasun berrian, gauerditik aurrera
Bihartik aurrera indargabetuta geratuko dira Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak salbuespen egoeran zehar hartutako neurriak. Alarma egoera indargabetu arren, prudentziaz, zuhurtasunez eta errespetuz jokatzen jarraitu behar dela gogoratu du Arantza Tapiak.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez, bihar hasiko da “normaltasun berria” Bizkai, Araba eta Gipuzkoan. Izan ere, osasun sailak Jaurlaritzako sailburuei gaur aurkeztutako txostenak osasun eta epidemiologia egoera ikusita, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hirugarren fasea gainditutzat jo daitekeela dio.
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean sinatu du alarma egoera amaitutzat ematen duen dekretua, eta, ondorioz Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutuak arautzen dituen eskumenak berreskuratuko ditu. Beraz, bihartik aurrera indargabetuta geratuko dira Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak salbuespen egoeran zehar hartutako neurriak, eta gauerdian zabalduko da Bizkaia eta Kantabriaren arteko muga.
Gaur hartutako erabakiaren bidez, amaiera ematen zaio koronabirusak eragindako pandemia globalaren ia 100 eguneko salbuezpen egoerari. Martxoaren 13an Euskadiko babes Zibilaren Plana aktibatu zuten, COVID-19aren hedapenak eragindako osasun alertaren egoera zela eta, eta lehendakariak hartu zuen hori zuzentzeko eskumena. Egun bete geroago deklaratu zuten alarma egoera. Pandemiaren bilakaerari loturiko adierazleek eta osasun sistemaren egoerak maiatzaren 14an ahalbidetu zuten osasun larrialdiko egoera amaitutzat jotzea, eta osasun zaintzako beste fase bat hasi zen.
Orain, “normaltasun berria”, Nekane Murga Osasun sailburuak sinatutako agindu batek arautuko du. Horrek etapa berriko prebentzio, zaintza eta kontrol neurriak zehazten ditu, eta COVID-19aren kontrako tratamendu edo bakuna bat aurkitu bitartean iraungo du, “birusa oraindik gure artean dagoelako”. Erkorekak azaldu duenez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoari egokitutako araudi propioak jasotzen ditu aginduak: “Esparru arautzailea berria eta berezkoa da zabaltzen dena. Horren bidez, epidemiaren kontrol neurriak ezar ditzakegu gure osasun, gizarte eta ekonomiaren errealitatearen arabera”.
“Prebentzioa eta zuhurtzia”. Etapa berrian banakako konpromisoari eta kolektiboari eutsi behar zaiola esan du Erkorekak, “birusa gure artean dabilelako”. Gainera prebentziozko eta autobabeserako neurri guztiak bete beharko direla esan du. Arantxa Tapiak, berriz, alarma egoera indargabetu arren, prudentziaz, zuhurtasunez etam errespetuz jokatzen jarraitu behar dela esan du: “Beti ere, egoera honek inteligentziaz eta erantzukizunez jokatzea eskatzen digula ezin dugu ahaztu”. Gaurko agerraldian nabarmendu dutenez, “prebentzioa eta autobabesa” dira oinarriak gauerdian hasiko den normaltasun berrian.
Kontseiluan osasun sailburuak aurkeztutako dokumentuak osasun eta epidemiologia egoera aintzat hartu ditu, eta gaur egungo egoera “ona” dela dio. Hala ere, aitortu du joan-etorriak areagotzeak zaildu egin dezakeela kutsatzeen jarraipena eta kontrola.
Osakidetzaren gaitasuna, baina, “handia” dela esan du: “Kasu berrien jarraipena ezinbestekoa da orain eta etorkizunean. Osakidetzak horiek kontrolatzeko gaitasuna du”. Birusa kontrolatzeko eta arakatzeko gaitasuna “funtsezkoa” dela dio, eta Osakidetzak hori egiteko gaitasuna erakutsi duela aitatu du, Basurtoko eta Txagorritxuko kasuak aipatuz: “Bi fokuak kontrolpean daude”.
Normaltasun berrian Biziberri plana jarraituko dute, eta maskaren erabilera eta ezarritako osasun neurriak errespetatzea “ezinbestekoak” direla diote sailburuek: “Gure esku dago birusa kontrolatzea”.
Normaltasun berrirako neurriak:
- Garraioan eta leku itxietan maskarillak erabiltzea derrigorrezkoa da.
- Segurtasun tartea: 1,5m, gutxienez.
- Jendea batzen den lekuetan %60ko aforoa (segurtasun tarteak mantenduz).
- Mugikortasuna: gauerditik aurrera Kantabriara joan ahal da, eta domekatik aurrera Schengen eremuko herrialdeetara.
- Garraio publikoa: aforoa eta zerbitzuak %100.
- Ostalaritza, komertzioa, turismo establezimentu eta elkarte gastronomikoak: 1,5 m-ko tartea mantendu (ez dago aforo mugarik). Buffet eta coktel ospakizunetan gehienez 25 pertsona.
- Parke komertzialak: leku komunetan %60ko aforoa.
- Gaueko taberna eta diskotekak: %60ko aforoa (dantzatzeko pistak itxita).
- Kultur eta aisialdi lekuak (museoak, aretoak, zineak…): %60ko aforoa (segurtasun tartea mantenduta eta eserita).
- Kanpoaldeko kultur ekitaldiak: %60ko aforoa eta gehienez 1.000 pertsona.
- Igerilekuak (kanpokoak zein barrukoak): %60ko aforoa (dutxak eta aldagelak zabalik).
- Kirol ekitaldiak: leku itxietan, %60ko aforoa eta gehienez 300 pertsona, eta kanpoaldean %60ko aforoa eta gehienez 1.000 pertsona.
- Umeen parkeak, skate parkeak eta erabilera publikoko antzeko kirol edo aisialdi lekuak: 4 metroko pertsona bat gehienez.
- Federatu gabeko kapoaldeko kirol jarduerak: gehienez 30 pertsonako taldeak.
- Kultu lekuetan %75eko aforoa.
- Beilak: leku itxietan gehienez 30 pertsona eta kanpoaldean 65.
- Ehorzketak: Gehienez 75 pertsona.