Urizarreta aldean aurreikusitako aparkaleku berria ez eraikitzea erabaki du aldundiak
Uztailaren 1etik aurrera bisitatu ahalko da Gaztelugatxe, eta egunean 960 pertsonak bisitatu ahalko dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak behin betiko erabaki du Urizarreta aldean aurreikusitako aparkaleku berria ez eraikitzea. Proiektu horren exekuzioa atzeratu egin zen, bisitari-kopuruan ezarritako murrizketek gune horretara heltzen ziren ibilgailuen fluxuari nola eragingo zioten aztertu bitartean. Aldunditik gaur jakinarazi dutenez, azpiegitura berria “ez dela beharrezkoa” ikusi dutelako hartu dute erabakia. Gaztelugatxera iristeko garraio publikoa bultzatzea aurreikusten dute.
Hala, gaur iragarri dutenez, uztailaren 1etik [eguaztena] aurrera bisitatu ahalko da Gaztelugatxe, eta egunean 960 pertsonak bisitatu ahalko dute.
Aldundiak norabide bakarreko ibilbide bat ere ezarri du, Urizarretatik sartu eta Ermutik irteteko, osasun-agintariek COVID-19aren hedapena geldiarazteko ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko.
“Osasun larrialdi honek murgildu gaituen etenaldiaren ostean, berriro helduko diogu Gaztelugatxeko sarbideen kontrolari. Murriztapenak hasiera batean ezarritakoak baino handiagoak izango dira”, adierazi du Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune naturala zaintzeko foru diputatuak. Izan ere, eguneko bisitariak 3.024 pertsonara mugatzea pentsatu zuten hasieran. Baina, diputatuak esan duenez, osasun agintariak “ezarri dituzten gomendioak uneoro bermatu beharra” daukatenez, kopurua murriztea erabaki dute.
Doako txartelak. Zapatu honetan [ekainak 20] doako txartelak erreserbatzeko web plataforma aktibatuko du berriro aldundiak. Txartel horiek 15 eta 40 minutuko tarteak eginez emango diuzte, 10:00etatik 18: 30era. Txanda bakoitzeko gehienez 48 pertsona egongo dira, pilaketak saihesteko eta osasun-gomendioak betetzeko: “Tarte horiek, gainera, ermitaren zabalgunean, uhartetxoan, onartuko den gehieneko bisitari-kopurua [96 pertsona] uneoro betetzen dela ziurtatzeko balioko dute”, azaldu dute. Eremu horretara hurbiltzen den jende kopurua kontrolatzeko, eskaileretara sartzeko plataforman kontagailu bat jarri dutela zehaztu dute, eta bertan foru erakundeari lotutako langileek arautuko dute eskaileretatik sartzen diren bisitarien fluxua.
Osasun-agintariek ezarritako gomendioak uneoro betetzen direla bermatzeko, segurtasun-distantziak errespetatu beharko dira, eta, hori ezinezkoa bada, maskara erabiltzea gomendatzen da, adibidez, ermitara sartzeko eskaileren eremuan.
Uda honetatik aurrera biotopo babestu hori bisitatzen dutenek helduentzako eta umeentzako autogidak erabil ditzakete. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez argitaratu dituzte, toki horretara egindako bisiten “esperientzia hobetzeko” eta bertako historiari, natura-ondareari eta harekin lotutako tradizioei buruzko xehetasunak ezagutarazteko. Bi motako autogidak sortu dituzte: helduentzako eta ume eta gazteentzako (16 urtera arte) bertsiok. Biek ala biek bi ibilbide eskaintzen dituzte, azalpen zehatzekin eta ibilbideko hamaika gunetako multimedia-edukiekin. Hala ere, gaur egun, Urizarretan hasi eta Ermutik amaitzen den ibilbidea bakarrik egin ahal izango dela gogoratu dute.
Gainera, PWA (Progressive Web App) teknologiaz garatuta daude, “eta horrek erraztu egiten du edukiak mantentzea eta eduki horietara edozein gailutatik sartu ahal izatea”. Aplikazioa Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean egongo da eskuragarri. Gailu mugikor batetik sartzean, gailu horretan zuzenean sartzeko ikono bat jartzeko aukera emango du, eta audiogidaren edukiak bertan biltegiratuta utziko ditu. Beraz, ez da beharrezkoa izango aplikazioa erabiltzeko mugikorrerako estaldurarik izatea.