Seber Altube ikastolak asmakizun onenaren lehen saria hartu du
Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen Egin&Ekin sariketan bosgarren urtez parte hartu du ikastolak, eta laugarrenez hartu du saria
Gernika-Lumoko Seber Altubeko ikasleek Asmakizun Onenaren lehen saria hartu dute. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Egin&Ekin sariketan atal horretako irabazle atera da Aizarotz, Ines, Intza eta Leizurik osatutako taldea (DBH 2. maila).
Bosgarren urtez parte hartu du ikastolak lehiaketa horretan, eta laugarrenez saria hartu du. Aurten, talde irabazleak jazarpenari aurre egiteko sistema elektriko baten maketa eta enpresa eraiki ditu. Iraia Goiriena irakasleak azaldu duenez, asmakizun horri esker, “edozein ikaslek jazarpen egoeraren bat antzemanez gero, ikastetxeko gune desberdinetan sakabanatutako etengailuetako bat klikatzea nahikoa izango du nagusi edo arduradunen gelara abisua helarazteko. Abisua modu anonimoan helduko da”. Bull-Poom enpresa sortu dute ikasleek proiekturako eta, kideen ustez, ikastetxe eremuan ez ezik, beste gune batzuetan ere erabilgarria izan daiteke sistema hori.
12 proiektu. Egin&Ekin lehiaketak Bizkaiko gaztetxoen artean ekintzaile izaera sustatzea du helburu. Taldeka antolatuta, produktu edo zerbitzu berri bat asmatzea da proiektuaren abiapuntua. Asmakizunaren maketa eraiki behar dute ikasleek, eta dokumentazioa prestatu. Ikasturte honetako edizioan Bizkaiko 36 ikastetxek parte hartu dute lehiaketan, eta 167 proiektu aurkeztu dituzte.
Seber Altube Ikastolak 12 proiektu sortu ditu Teknologiako saioetan: basoetako lehorte eta suteak murrizteko ureztatze-sistema, itsasoko zaborra biltzeko urpekaria, gizentasuna murrizteko kirol-sistema berritzailea, erabilera bakarreko botilak murrizteko truke-zerbitzua, gas toxikoen arrisku-maila murrizteko sarea, txikleak pilota saltari bihurtzeko makina, norberaren babeserako kameradun pipermin spray-a, entzumen arazodunentzako ordularia, zaborra erronka eran biltzeko mugikorrerako aplikazioa, alga bidezko liburu forragailua, kaleetako zaborra batzeko robota eta Pull-Boom proiektua, hain zuzen ere.