Euskal Ligara, lehenengoz
2020-2021 denboraldian Euskal Ligan jokatzeko txartela lortu du Urdaibai ETren senior mailako mutilen taldeak. Lehenengoz ariko da kategoria horretan.
Urdaibai Eskubaloi Taldearentzat garrantzitsua bezain berezia izan da 2019-2020 denboraldia. Euskal Ligara igota, senior mailako mutilen taldeak klubaren historiaren beste orrialde bat bete du. Lehenengoz ariko da maila horretan. Pozik eta ilusioz daude, dena ondo badoa, udazkenean denboraldi berria kategoria berrian hasteko itxaropenagaz.
Martxoaren 15ean, liga amaitzeko hiru partidu geratzen zitzaizkiela heldu zitzaien etenaldia. Igoera fasea jokatu barik igo da taldea. “Bigarrenarengandik hiru puntura amaitu genuen. Ez gara Bizkaiko txapeldun geratu. Azken unera arte ez dugu jakin igoera fasea jokatu behar genuen ala ez. Maiatz amaiera arte ez dute erabaki zer egin; COVID-19aren bilakaerari begira egon dira erabakitzeko, eta azkenean esan ziguten zuzenean igoko ginela”, azaldu du Yolanda Carracedo Fernandez entrenatzaileak.
Bizkaiko Federazioak euren iritzia kontuan eduki du erabakiak hartzeko. “Inkesta bat bidali ziguten. Guretzat egokiena zen aukeraren alde bozkatzeko esan ziguten. Guk igoera fasea irailean jokatzeko proposamenaren alde egin genuen. Azkenean, pistara bueltatzea ezinezkoa zela ikusita, gure taldea eta Gipuzkoako beste talde bat zuzenean igotzea erabaki zuten”.
Denboraldi hasieratik lidergoari eutsi dio taldeak; bi partidu baino ez dituzte galdu.
Denboraldi hasieran sailkapeneko lehenengo bosten artean sartzeko helburua zeukaten, eta euren asmoak gainditu dituzte. “Lehen bostek daukate igotzeko aukera; bigarrenetik bosgarrenera final four jokatzen da, eta ostean, igoera fasea”. Abenduan, denboraldi erdia eginda lehen postua eskuratzeko helburua jarri zuten, “aukera garbiak” zituztela ikusi baitzuten: “Lehen itzulia amaitu genuenean, gure helburua lehenak geratzea zela esan nien”. Lehenengo urtea da Carracedok entrenatzen dituela, eta “garaipen erosoa” izan dela azpimarratu du.
Bi hilabete pasatxo egon dira zer gertatuko zen jakin barik, baina, azkenean, euren lanak saririk onena jaso duela ikusi dute. “Euretariko askok ez dute inoiz igoera faserik jokatu. Taldearen batez besteko adina 20 bat urtekoa da; urte askotarako taldea daukagu”.
Entrenatzen hasita
Eguaztenean hasi ziren entrenatzen seniorren nesken eta mutilen taldeak. Mundakako eta Bermeoko kiroldegietan entrenatzen eta jokatzen dute, baina momentuz horietan ezin dutenez, bestelako lekuak bilatu dituzte. Mundakako Santa Katalinan eta Abiñako San Antonio hondartzan aritu dira.
Entrenatzaileak dioenez, talde txikietan ari dira, segurtasun eta higiene neurriak betez, eta esaterako, materiala ere desinfektatzen dute. “20 jokalari bosteko taldeetan banatuta ari dira, distantziak mantenduz. Lehen asteotan fisikoa lantzen ari gara. Baina kiroldegian materiala hartzen uztea gura dugu; baloia hartzeko desiatzen daude. Ia hiru hilabete dira ezer egin barik”.
Betiko moduan aritu ezin diren arren, martxan hastea lortu dutelako pozik daude: “Asteak egon dira honen zain, baina ze neurri hartu behar genituen jakin arte itxaron dugu, eskubaloia kontaktu kirola da eta”. Oraindik ez dakite kiroldegietara noiz bueltatuko diren: “Seniorrak Mundakan entrenatzen dira, eta espero dugu laster joan ahal izatea. Protokoloa zehaztu behar dute. Esan diegu pista bakarrik erabiliko dugula, ez garela aldageletara sartuko. Bermeon seguruenik irailera arte ezingo gara aritu”. Hala ere, hilabeteotan ez dira geldirik egon.
Konfinamenduan gura zutenentzat bideodeiekin entrenamenduak eskaini dituzte: “Taldeko entrenatzaile bat aritu da horretan. Ariketak agintzen genizkien, harremana ez galtzeko”. Era berean, azken hilabeteetan denbora ondo aprobetxatu dute entrenatzaileek. “Klubak ikastaroak ordaintzen laguntzen du, eta klubetik formakuntza jasotzera animatu ditugu
entrenatzaileak, titulazio asko atera dira eta. Datorren denboraldirako, entrenatzaile guztiek gutxienez titulu bat daukate, eta hori izugarria da. Entrenatzaile guztiak kualifikatuta ditugula esatea asko da”.
Familia handia
321 jokalarigaz, euskal eskubaloi klub handienetakoa da eskualdekoa. Martxoan etenda geratu zen denboraldian 26 talde eduki ditu Urdaibaik. Seina talde benjamin, alebin eta txiki kategorietan, lau kadeteetan eta bina gazte eta senior mailetan. “Klub gutxi daude hainbeste jokalarigaz; ez dituzte hainbeste kategoriatan taldeak. Azkenaldian 13 urtetik gorako jokalari asko etortzen ari dira. Benjamin pila batek ere izena eman dute, eta gogor datoz. Beste alde batetik, suertea eduki dugu ia kategoria guztietan taldeko bi delegatu eduki ditugulako”.
Nesken taldeagaz eman zituen hasierako urratsak, eta gaur egun, neskak dira gehiengoa; 203 neska eta 108 mutil daude klubean.
Senior eta gazte mailen entrenatzailea izateaz gain, klubaren koordinatzailea ere bada Carracedo. Kirol klub guztiei modura, denboraldi amaiera konplikatu egin zaie aurten, eta ziurgabetasunean murgilduta egon dira, erabakien zain: “Emaitzei dagokienez, seniorretan izan ezik, ez dugu emaitza handirik eduki, baina jokalariak pozik aritu dira, eta hori da garrantzitsuena. Gainera, txiki mailetako nesken taldeko batzuk eta gazte mailako mutilen taldeko bi jokalari Bizkaiko selekzioagaz aritu dira entrenatzen”.
Azaldu duenez, senior kategoriako mutilen taldea Bizkaiko lurraldekoan egon da beti, eta nesken taldeagaz urte askotan egon dira Euskal Ligan jokatzen. Hain zuzen, orain dela bi urte mailaz jaitsi ziren: “Aurten final four jokatzea zuten helburu, igoera lortzeko aukera edukitzeko, baina liga geratzean, hirugarren geunden. Lehenengoa igo denez, gu atarian geratu gara”. Pena izan dela dio, baina datorren urtean helburu bera jarriko dutela.
Taldeak adinaren arabera osatzen dituztela eta formakuntzari ematen diotela garrantzia zehaztu du Carracedok: “Ondo pasatzea gura dugu, eta jokalariak zentzudunak izan daitezen ahalegintzen gara. Kadete etapara arte baloratzen duguna da umeek ikastea eta ondo pasatzea. Umetan ez zaie irabazteari buruz berba egiten. Umetan, lehenengo eskubaloia zer den ikastea nahi dugu, eta gero lehia”. Horregatik, ume zein gazteei animatzeko deia egiten die: “Adin guztietako taldeak dauzkagu, eta eskubaloia probatzera gonbidatzen dugu jendea. Eskubaloia oso polita da, eta ez da futbolean edo beste kirol batzuetan moduan gertatzen; hemen ez dago aukeraketarik, denek jokatzen dute”.